GARA > Idatzia > > Kultura

KRITIKA Euskal Kostaldeko Musikaldia

Beethovenen ederrena

 

Maite IDIRIN

Donibane Lohizuneko eliza mukuru beterik zela, Bordeleko Orkestra Nazionala genuen Euskal Kostaldeko Musikaldia amaitzeko azken gonbidatu. Zinez egitarau ederra eskaini ziguten, Beethoveni eskainia izan den musikaldia dirdiraz gogoan atxiki dezagun. Coriolan op.62 obertura interpretatuz eman zioten hasiera. Ekaitza bezain indartsu lehen pasartean, gero sumina arintzean melodia zoragarri batekin lasaitasunera igarotzen da eta, finean, itzaliz urrunduko da. Arras ongi interpretatu zuten orkestra trenpuan zela erakutsiz. Jarraian, Biolinerako kontzertua (op.61) eman ziguten. Biolin bakarlari lanetan, Hemming Kraggerud hainbat nazioarteko sariren jabea izan genuen. Biolin-jotzaileak doinu garden eta ozena zeukala erakutsi zuen, nahiz eta zenbait unetan orkestrak estaltzeko joera agertu zuen. Largeto orekatua eta rondo justua eskaini zizkiguten. Txalo anitz jaso zituzten, baina bereziki biolin-jotzaileak berriz jo zezan eskatzen zuen publikoak. Erregu luzeen ondotik Bachen pieza bat eskaini zigun. Bigarren partean, Beethovenen «Eroika» Sinfonia entzuteko ordua heldu zen. Bere estreinaldian balio musikal guztiak dituen maisulana oso berritzailea izan zen. Jakina denez, Napoleon Bonaparteren ohoretan plazaratu zuen Beethovenek, errepublikaren aldekoa atzematen baitzuen. Baina berehala desilusioa izan zuen Napoleon Bonaparte enperadore izendatu zelarik. Erabat haserre obraren hasierako eskaintza ezabatu eta «Eroika» izena eman zion. Beethovenek berak 9. Sinfonia idatzi arte bere obrarik bikainena zelakoan zegoen, erromantizismo musikala ekarri zuelako. Kwame Ryan orkestra zuzendariak oso ongi zuzendu zuen, Allegro con brio joaldiaren gar bizia eta amaierako samurtze paregabea ezin hobeto nabarmenduz. Marcia funebre joaldi baxu eta hunkigarria etorri zen jarraian. Scherzzo-Allegro vivace arin eta kantaria bizi-bizi eman zuten. Finale allegro molto dirdiratsua gogoangarri markatu zuten. Amaieran, nahiz eta publikoak txaloak joz eskatu, Bordeleko Orkestra Nazionalak ez zuen propinarik eskaini. Hala eta guztiz ere, jendea pozik eta irribarretsu atera zen elizatik. Agur musikaldiari. Datorren urtera arte!

Angeluko San Leon elizako kontzertua

Angeluko San Leon elizaren akustika onak lagunduta, joan den irailaren 9an aretoa bete-betea zegoen azkenaurreko kontzertua entzutera gogoz etorritako jendez. Lehen zatian AMATI Quatuorra (Mary Ellen Woodside, lehen biolina; Katarzyna Nawrotek, bigarren biolina; Nicolas Corti, biola; eta Claudius Herrmann biolontxeloa) aritu ziren Beethovenen 13. Quatorra interpretatzen, sei joalditan. Bigarren partean, Beethovenen 4. Quatorra mi bemol maiorrean interpretatzeko Quatorreko hiru musikari eta Abdel Rahman El Bacha piano-jotzailea atera ziren agertoki gainera. Amaieran, jendearen txalo zaparrada eskertzeko, azken joaldia errepikatu ziguten. Baina, hala eta guztiz ere laburregia egin zitzaigun bigarren zati hori. Bereziki piano-jotzailea (beste aldi batean ere egona da musikaldian) gehiago entzuteko gogoz geratu ginen.

LOS RESTOS

Los útiles encontrados en la cueva de Arlanpe corresponden a la época del Paleolítico Medio Antiguo y podrían haber sido utilizados entre 300.000 y 150.000 años atrás.

Fitxa

Zuzendaria: Kwarme Ryan.

Interpreteak: Bordele eta Akitaniako Orkestra Nazionala, Hemming Kraggerud biolinista.

Lekua: Donibane Lohizuneko eliza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo