GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Badator herensugea! Ate joka datoz sanmigelak Iruran

Sardinak erretzen dira herri batzuetan, piperrak bestean erroskilak ere bai... Bada, Irurako jaietan, herensugea erretzeak dakar jaien amaiera, eta honen etorrerak emango die gaur ilunabarrean sanmigelei hasiera. Bi asteburu iraungo duten jaiak egitarau oparoarekin datoz aurten ere. Gaurko, behar bezala hasteko, suziaren ostean barrikotea eta Joselu Anaiak taldearen dantzaldia antolatu dituzte. Bihar berriz Haurren eta Gazteen Eguna ospatuko dute.

p015_f03.jpg

GARA |

Herensugea atera orduko jaiak eztanda egingo du Iruran. Iluntzean izango da hori, 19.30ean, San Migel plazan. Gisa honetan abiatuko dituzte bi astez iraungo duten sanmigelak. Leku berean, 21.00etan, barrikotea egingo dute The Jones Brothers txarangak alaituta eta Joselu Anaiak taldea izango da gauari musika jartzeko arduraduna.

Biharkoa Haur eta Gazteen eguna izendatu dute eta horiei begira antolatuko dituzte ekitaldi eta ekimenak. Goizean goiz hasiko dira, gainera, bederatzietarako egina baitute hitzordua Gazte Festan parte hartu nahi dutenek. Eguerdirako, berriz, etxeko txikientzat marrazki lehiaketa antolatu dute San Migel plazan. Ordubete geroago, berriz, jokoak izango dituzte, bazkaltzera joan aurretik gosea egin dezaten.

Gazte Festan parte hartzen dutenek ere ez dute goseak geratzeko arriskurik, eguerdian 14.30ean Zaharren Biltokian bazkaria eta, gauean Aizpurua jatetxean afaria iragarri baitituzte. Afaritara joan aurretik, gainera, San Migel plazan sagardoa dastatzen ibiltzeko aukera izango dute. Gero, La Pegatina Sound System eta Hesian taldeak izango dira larunbat gauari musika jarriko diotenak.

Igande eguerdian Gorritiren abereak izango dira bertaratzen diren guztien gozagarri, eta arratsaldean, herriko zein inguruko dantzariek saioa eskainiko dute plazan. Ondoren, herri-kirolen tartea izango da. Ikuskizun nagusia Mari Jose Sardon harri-jasotzaile urnietarraren eskutik etorriko da. Bost minutuko saioan 100 kiloko bolarekin marka-saiakera egingo du. Gisa honetako saialdietan lehena izango da etzi Iruran egingo den hori. Harri-jasotzen arituko dira, halaber, Mujika eta Otaegi, indarrak neurtuko baitituzte Lasa eta Txapartegirekin. Ondoren, egun batzuez atseden hartzeko erretiratu aurretik, festazaleei igandeko azken orduak trikiti doinuekin alaituko dizkie Txinparta taldeak.

Datorren ostiralean helduko diete irurarrek berriz ere festa giroari. Antolatutako ekitaldien artean nabarmentzekoa da Play Back jaialdia. Ez dira izan irurarrak halako ikuskizunak antolatzen lehenak, baina bai urtea joan eta urtea etorri iraunarazten jakin duten bakarrenetakoak.

Larunbatean, bertsolariak eta Oinakari dantza talde villabonarraren ikuskizunak izango dira ekitaldirik indartsuenak. Igandea, berriz, Bikoteen Eguna izendatu dute. Apar festarekin ekingo diote jaiari, eta gero bikoteen bazkaria izango dute. Reyes de Mexiko mariachien emanaldiak hartuko du tokia gauean.

Astelehena da herriko jaietako egun handia, San Migel eguna. Egun osorako egitarau oparoa antolatu dute, kale antzerkia eta Rua Mayor taldearen ikuskizuna barne. Gauean, azkenik, herensugea erreko dute, 21.30ean, jaiei amaiera emateko.

Sanmielak amaituta ere, datorren urriaren 5ean jai handia ospatuko dute irurarrek. Egun horretarako aurtengo Kilometroak jaia antolatu dute herrian, eta jaialdi horren bidez bildutako diruarekin ordainduko dute oraindik ere distiraka ari den ikastola berria.

kirol ikuskizuna

Irailaren 28rako herri-kirol ikustaldia antolatu dute. Bertan, Maria Jose Sardon 100 kiloko bolarekin marka jartzen saiatuko da, bost minutuko tartean. Emakume batek bolarekin egiten duen lehen marka-saialdia izango da hori.

Kilometroak 08

Jaiak datozen bi asteburuak hartuko ditu, baina urriaren 5erako irurarrek badute beste hitzordu garrantzitsu bat, Kilometroak jaia herrian egingo baitute. Bertan batzen den diruarekin ikastola berria ordainduko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo