GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Disko berrien aipamenari buruzko galdeketa (I)

Aritz SOUND SYSTEM | Kazetari eta musika adiktoa

Udara amaituta denboraldi berriari hasiera eman diogu eta denboraldi hasierarekin, hobetzeko asmoz beti ere, aldaketak datoz arlo askotan. Urrutira joan behar izan gabe, egunkari honetan bertan, kultura atala eraberritzeko asmoa dago. Kulturaren atal berrian Disko Berrien tartea mantentzea edo ez, eta mantentzekotan, atalak beharko lukeen tartea aztertzen ari da. Urte batzuk badira disko berrien aipamenak egiten ditudala eta, beraz, niri galdetuz gero argi dago erantzuna baiezkoa izango litzatekeela. Nire iritzia inolaz ere objektiboa izango ez dela jakinda ere nire buruari galdetzen diot: beharrezkoa ote da disko berrien atala? Zergatik? Eguneroko dosiaren bila dabilen musika adiktoa naizen aldetik, disko berrien, disko aipamenen edo disko kritiken atalak (izena gutxienekoa da), nire ustez, atal interesgarrienetakoak dira edozein komunikabideko kultura orrialdeetan. Batetik, kaleratzen diren kantu, disko, talde zein musika estiloen berri ematen digutelako (beste era batera agian horien berri ez genuke inoiz izango) eta bestetik, kantu horiek entzun eta zurearekin bat etorri beharrik ez duen norbaiten iritzia eduki dezakegulako (nahiz eta iritzi hori ez litzatekeen inolaz ere erabakiorra izan beharko diskoa eskuratu edo entzuteko garaian). Argi dago, jende arruntak ez duela musika adiktook dugun musika egarria baina, hala eta guztiz ere, jende gehienari gustatzen zaio musika eta ondo dago, modu orokorrean bada ere, musika arloan kaleratzen diren proposamenen berri edukitzea. Gaur egun, Interneti esker, guztion esku dago disko berrien informazioa eskuratzea. Dena den, bilaketa horrek askotan denbora handia eskatzen du eta, gainera, bilaketa horrek, soilik, dagoeneko ezagutzen ditugun musikarietara mugatzeko arriskua du. GARAn disko berrien atala edukitzeak beste komunikabideen bidez ezagutuko ez ditugun taldeen musika ezagutzeko aukera eman diezaguke eta, gainera, beste baten belarriek aukeratuta. Honek bere alde txarrak ere izan ditzake noski; espazioa oso mugatua dela batetik eta, bestetik, jai duzula zure gustuak diskoak aukeratzen dituenaren gustuekin bat ez badatoz.

GARAko disko berrien ataleko irakurleen iritzia jakin nahiko genuke. Zer iruditzen zaizue atala? Beharrezkoa ikusten duzue? Alde onak? Txarrak? Zer aldatu, kendu edo gehituko zenukete? Ez da lehiaketa, baina zein iritzi duzuen jakin nahiko genuke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo