GARA > Idatzia > Iritzia > Hemeroteka

Rikardo Arregi 2008/9/15

Erlijiotik futbolera

DEIA

Badakit aurreko zutaberen batean gai berberaz idatzi nuela, baina ikasturtea hasi dugu eskoletan eta berriro agertu zaigu erlijio katoliko erromakoaren afera (mamua) Batxilergoan. Erlijioa eskola orduetatik kanpo ematea zen Hezkuntza Sailaren asmoa. Asmoa asmo geratzeko bidean omen da. Apezpikuak kexatu egin dira, ohi den bezala. Ezer berririk ez, beraz. Bada gauzatxo berri bat baina. Egunkarietan irakurri dut oraingo honetan ez direla apezpikuak bakarrik izan protestan hasi direnak, herri mailako komunitate kristauak, edo oinarriko kristauak, kexatu egin dira haien artzainen irakaspenei jarraituz. (...) Hierarkia gauza bat dela eta kristau herria beste bat, are gehiago oinarriko kristauak, errepikatu da askotan eta, eszeptikoa naizen arren, desberdintasun puntu bat onartzeko prest egon naiz beti, baina orain beste mito bat (beste bat) erortzen ari zait.

Egun berean telebistaz Ibarretxe eta beste kargu publiko batzuk ikusi nituen Arantzazun meza katoliko batean, ez era pribatuan, kargu publiko horietan daudelako baizik (Ibarretxe, galdetu apezpikuren bati ea eliza katoliko erromakoak duen santuren bat kontsultetarako).

Eta oroitu nintzen orain dela gutxi agertu zirela telebistan Osasuneko jokalariak Xabierren errito katoliko batean; futbolari atzerritar baten aurpegia ikustekoa zen. Tira, futbola desberdina da, erlijio bat ia-ia. Alavesek eskura dituen errito guztiak, katoliko zein Kubako santeria, erabili beharko lituzke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo