GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Autonomia eta euskararen ofizialtasuna izango dira Batasunaren ardatz nagusiak

Bi premia nagusi ardatz hartuta jardungo du aurtengo kurtsoan Batasunak: autonomia eta euskararen ofizialtasuna. Bata zein bestea ezinbestekotzat ditu Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoaren etorkizunerako.

p018_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA |

«Parisen zain geratuta, ez da deus egiterik. Euskal Herriaren eta gure hizkuntzaren biziraupena segurtatzeko ezinbestekoa dugu autonomia eta euskararen ofizialtasuna». Horixe adierazi zuen atzo, Hazparnen, Jean-Claude Agerre mahaikideak.

Bere esanetan, «Estatuaren borondate eza aski agerian geratu da azken urteotan eta, berrikitan, François Fillon Lehen ministroa Euskal Herria 2020 plangintzatik eratorritako Hitzarmen Berezia berrestera Baionarat jin delarik, argi azaldu du berriro Parisen ukazio jarrera». Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako egoerez eta beharrez, «ezer gutxi daki edo jakin nahi du Gobernuak», ez du onartzen «hemen gatazka politikoa» dagoela, eta «jarrera erabat hertsian eta gogorrean» segitzen duela gaineratu zuen Agerrek.

Horiek horrela, indar abertzaleak gero eta argiago du «marra gorri bat» finkatu behar dela eta datorren ikasturtean bereziki landuko dituen bi ardatz nagusiak zehaztu ditu.

«Minimo bat»

Batetik, hiru lurraldeentzat autonomia aitortuko duen esparruaren beharra argudiatu eta hedatuko du. «Euskal gizarteari helarazi nahi diogu autonomia funtsezkoa, minimo bat dela. Euskal Herriak bizirik jarraitzeko, guretzat ez da beste biderik», nabarmendu zuen mahaikideak, eta gaineratu zuenez, estatus juridiko horrek ekar litzakeen eskumenak «erabat premiazkoak» dira.

Ekonomiaren krisi egoerari edota etxebizitzaren arazo larriari erantzuteko, «benetako eskumenak» izatea beharrezkoa dela gizartea ondo jabetzea nahi du Batasunak, eta horretarako hainbat arlo landuko dituzte.

Horrekin batera, gizarteak «euskararen ofizialtasunaren ezinbestekotasuna» bereganatu dezan ahaleginduko da indar abertzalea.

«Urrats berria emateko garaia da. Joan den hileetan Frantziako Akademiak eta Senatuak euskararekiko izandako jokaerak nabarmen erakutsi dute Estatuak jartzen dituen mugekin ez dugula gure hizkuntza salbatuko. Soilik ofizialtasuna aitortuz bideratuko da euskararen iraupena», esan zuen Batasuneko bozeramaileak.

Beste hainbat erronkari ere aurre egingo diotela gaineratu zuen Agerrek, besteak beste, udaberrian izango diren europar hauteskundeak aipatuz.

Azken hileotako hausnarketak eta udako eskolan eta herriko batzordeetan jasotako ekarpenak eztabaidatu eta biribildu zituen atzoko batzarrak, eta, hala, hasi berria den ikasturteko lan-ildoak ofizialki abian jarri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo