GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Euskal antolakudeen legez kanporatze uholdea

Manifestaziora deitu dute urriaren 4rako, salbuespen egoera salatzeko

Legala dena ilegal, eta, ilegala dena, berriz, legal. Azken aste honetan Gobernu espainolak «presoekiko elkartasuna eta errepresioaren salaketa debekatu, eta kriminalizatzea legezko bilakatu» dituela salatu zuten atzo amnistiaren aldeko mugimenduko militanteek Hernanin egindako agerraldi jendetsuan. Halaber, herritarrei dei egin zien herri herriz egingo diren mobilizazioetan eta urriaren 4rako iragarri duten manifestazioan parte har dezaten.

p004_f01.jpg

Maider EIZMENDI |

Jendez gainezka zegoen Biteri Kultur Etxearen areto nagusian iragarri zuten urriaren 4an manifestazio nazionala egingo dela ezarri den salbuespen egoera salatzeko. Euskal Herri osotik etorritako amnistiaren aldeko militanteak, preso politiko ohiak, presoen, iheslarien eta errepresioak hildakoen senideak eta torturak jasandako pertsonak bildu ziren atzo goizean Hernanin. Guztien izenean mintzatu ziren Manu Errazkin, 2004an Fleury-Merogis espetxean hildako Oihana Errazkinen aita, eta Joseba Angulo abokatua.

Amnistiaren aldeko mugimenduko kideen aurka ezarritako zigorrari helduta, Gobernu espainolak «presoekiko elkartasuna eta errepresioaren salaketa debekatu eta kriminalizatzea legezko bilakatu» duela nabarmendu zuten: «Erabaki dute eta legezko egin, preso politikoen eskubideak defendatzea terrorismoa dela, eta pertsonen eskubideak defendatzea eta injustizia edo eskubide urraketak salatzea terrorismoa dela».

Ildo beretik, Auzitegi Nazional espainolak, «errepresio espainolaren armategi den auzitegi berberak» EAE-ANV eta EHAK alderdiak legez kanpoko egin dituela gaitzetsi zuten, modu horretan, «Euskal Herriko sektore oso bat lan instituzional eta politikorako eskubiderik eta aukerarik gabe uzteko erabaki politikoaren mesedetan».

Aldean, ordea, «Estatu espainolak Euskal Herrian krimena legezko bilakatu» duela adierazi zuten: «Jazarpena, gerra zikina, tortura, eskubide zibil eta politikoen urraketa, oinarrizko askatasun eta eskubide demokratikoen zanpaketa eta preso politikoen anikilaziorako neurriak legezko egin dituzte».

Gertatutakoen erantzule Gobernu espainoleko presidentea, Jose Luis Rodriguez Zapatero, eta Barne ministroa, Alfredo Perez Rubalcaba, direla adierazi zuten, eurak baitira, nabarmendu zutenez, «Auzitegi Nazionalak Euskal Herriari beste kolpe bat noiz eta nola eman behar dion erabakitzen dutenak».

«Beste aldera begira»

Baina, aldi berean, beraien hitzetan, «errepresio bortitz eta basatiaren aurrean beste aldera begiratzen duten horiek zabaltzen dituzte inpunitate eremuak Euskal Herrian».

Izan ere, aste honetan izan diren gertaerei bidea irekitzen dietela azaldu dute: «Ibarretxeren Gobernuak Auzitegi Nazionalaren irizpideak bere egin, eta presoen aldeko manifestazioak debekatu, eta herritarrak atxilotzen dituzten bakoitzean; edota, instituzioetan botere gehiago izateagatik, EAE-ANV alderdia kanporatzeko inolako arazorik ez duten politikari eta alderdiei esker».

Euskal Herrian gaur «bizi dugun salbuespen egoera eta demokrazia eza duela 30 urteko diktaduraren parekoa» dela adierazi zuten Errazkinek eta Angulok: «Euskal Herrian onartu ez zen konstituzio espainolak demokrazia itxura eman, baina inposizioa bermatu besterik ez du egin, konstituzioaren aterkipean errepresio aro gordinak, biolentzia poliziala, tortura basatia eta jazarpena ezarriz». Bide beretik, «Euskal Herria espetxeraturik mantentzen duen konstituzioa» babesten duenak dira, beraien aburuz, «espetxeak askatasunaren alde jarduten duten euskal herritarrez betetzen dituztenak».

«Askatasuna izateko jaio zen»

Hala, Zapateroren Gobernuko ordezkariek «behin eta berriro goraipatzen duten konstituzioaren» aurka egotea edota berau zalantzan jartzea «nahiko arrazoi da urte luzeetarako espetxean giltzapetzeko».

Gogora ekarri zuten, gainera, Euskal Herrian ez zela Konstituzio espainola «benetan onartua izan», beraz, herri honetan ez duela legedi horrek «inolako zilegitasunik».

Ohartarazi zutenez, errepresio gehiago izanez gero, errepresioaren salaketa gehiago izango da, eta preso politiko gehiago badira, presoekiko maitasun eta elkartasuna areagotu besterik ez da egingo; izan ere, «amnistiaren aldeko mugimendua ezin da espetxeratu, espetxeak apurtu eta askatasuna izateko jaio baitzen».

Zentzu honetan, azken gertakarien aurrean eta salbuespen egoerari aurre egiteko herriz herri egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu zuten Biteri kultur etxean elkartutakoek. Halaber eta, urriaren 4an, 17.30ean, Bilboko Aita Donostiatik abiatuko den manifestaziora deitu, eta herritarrei bertaratzeko gonbita egin zieten.

 
Mobilizazioak han eta hemen

Euskal Herriko hainbat bazterretan egin zituzten atzo mobilizazioak salbuespen egoera salatzeko: Arrasaten 232 lagun bildu ziren; Usurbilen, 123; Elgetan, 60; Gasteizen, 200; Agurainen, 35; Ean, 83; Larrabetzun, 84; eta Tolosan, 300. Azken honetan kalez jantzitako ertzainek gazte bat atxilotu zuten arratsaldean kartelak jartzen ari zenean. Gauean oraindik ere ez zuten gaztearen berri. Lesakan, berriz, 50 pertsona elkartu ziren. Elkarretaratzean polizia ugari zegoela salatu zuten herritarrek, eta hainbat lagun identifikatu zituztela. Bestalde, presoen eskubideak aldarrikatzeko Hondarribian 28 lagunek parte hartu zuten mobilizazioan.

GARA

Ocaña I espetxeko presoek gose greba utzi dute
 

Berrogei bat lagun bertaratu ziren atzo Toledoko Ocaña I espetxera Koldo Hermosa presoari elkartasuna adierazi, eta haren egoera salatzeko.
Preso santurtziarrak 2006ko irailean bete zuen kondena osoa, baina 197/2006 doktrina ezarri diote eta espetxean dute. Gurasoek egin zioten bisita atzo, eta presoen gertukoek GARAri jakinarazi ziotenez, santurtziarrak esan zien espetxeko preso politikoek bertan behera utzi zutela egiten ari ziren gose greba, «euren eskakizunetako batzuk onartu dituztelako».
Atzo jada hogei egun betetzen zituzten gose greban. Irailaren batean ekin zioten protestari, espetxean zuten egoera «jasanezina» zela argudiatuz. Besteren artean, bisita intimoak eta senideenak asteburuetan ezin zituztela izan salatzen zuten.
Gainera, osasun arazoak dituzten presoek behar duten zaintza izan dezatela eskatzen zuten, manta elektrikoak eta sendagaiak eman eta behar denean berogailua pizteko eta ez soilik egunean bi ordutan. Era berean kritikatu zuten espetxeko gimnasioa berritze lanengatik itxita dagoela eta ez dietela aldean bestelako zerbitzurik eskaini.
Hermosaren gertukoek aditzera eman zutenez, presoak euren eskakizunetako batzuk eskuratu dituzte egin duten protestarekin. Gogoan izan behar da, presoek salatu zutenez, hasiera batean espetxeko zuzendaritzak euren eskakizunak «bidezkoak» zirela eta onartuko zituela jakinarazi ziela, baina egun bat geroago atzera egin zuela. Pasa den astean bisitan izan ziren senide eta lagunek gose grebaren ondorioak jada agerikoak izaten ari zirela ohartarazi zuten.GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo