Txakolina eta olagarroa menu gustagarria osatu zuten Zarautzen eta Zumaian
Zarautz eta Zumaia, txakolina eta olagarroa. Kostako bi herrietan primerako jai giroan pasa zuten atzoko eguna. Eguraldia lagun, jan edanik ez zen falta izan ez eta festazalerik ere.
GARA |
Zarauzko kaleek urteko beste egunetan baina gehiago atzo txakolin usaina hartu zuten. Atzo ospatu zen Urolako kostako herrian Txakolinaren Mahats Biltzearen 9. jaia eta lehen muztioa dastatzeko aukera izan zen.
Bertaratutakoek inguruko txakolindegiek eskeinitako milatik gora litro dastatzeko aukera izan zuten. Kilometro gutxira, Zumaian, Olagarro Eguna ospatu zen. Eguraldia lagun, batak eta besteak primerako menua eta egun pasa ederra eskeini zizkien eskualdeko bizilagunei zein kanpotik bertaratutako guztiei.
«Txakolin uzta ona»
Aurtengoa uzta ona izango omen da, horrela aurreratu zuten Getariako Izendapena duten txakolinzaleek. Eguerdian zanpatu zuten aurtengo lehen mahatsa. Bertaratutakoen artean, ordea, iazko uztako 1.200 bat boteila txakolin banatu zituzten, urdailari laguntzeko beste makina bat pintxorekin batera. Gainera, herriko hainbat jatetxek jaiaren aitzakitan menu berezia prestatu zuten atzorako. Bertaratu zirenek jai giroan ibiltzeko aukera paregabea izan zuten, musikak hartu zituen kaleak eta besteren artean, Andoni Egaña eta Sebastian Lizasoren bertsoak entzuteko parada ere izan zen.
Zumaian ere goizean goiz abiatu zen jaia. Musika doinuan batean eta bestean eguneko ikuskizunik garrantzitsuena Eusebio Gurrutxaga plazan zegoen. Bertan hainbat lehiakide nor baino nor aritu ziren zeinek hobeto olagarroa prestatuko. Bakoitzak bere sekretuak eta egiteko moduak ditu, baina gakoa nonbait olagarroaren egoste puntuari neurria hartzean dago batez ere, ez bigunegia ez eta gogorregia izatea baita helburua.
Olagarroa gustuko dutenek aukera paregabea izan zuten atzo, eguerdian olagarro zopa eta arratsaldean pintxoak jateko aukera izan baitzen. Egun guztian zehar gainera, jai giroan ibili ziren kostako herri honetan txarangaz, abesbatzaren doinuez, perskusioaz edota haurrentzako jolasez gozatzeko aukera izan baitzen.