GARA > Idatzia > Kultura > Zinema

«Frozen river», izoztuta diruditen egoera gogorrak laguntasunak gainditu ditzake

Atzo Sail Ofizialean proiektatu zuten film estatubatuarrak txalo zaparrada galanta jaso zuen. Courtney Hunt zuzendaria, Sundanceko jaialdian Epaimahaiaren Sari Bereziaren garaile izan zena, Reed Morano argazki arduraduna eta «Frozen river» pelikulako gainerako artistak pozik egoteko moduan ziren, bazirudielako publikoak bere egin zuela familia aurrera ateratzeko etorkinen kontrabandoan aritzen diren bi amen istorio latza. «Oso unibertsala» delako agian.

p052_f01_111x111.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Ray Eddy karabana batean bizi da New York iparraldean, 5 eta 15 urteko semeekin. Etxe prefabrikatu bat erostea du amets eta horretarako aurrezten ari da. Senarra apustuzalea da, ordea, eta diru guztia xahutzen du jokoan. Egun batean, bizileku berriaren sarrera ordaintzeko dirua hartu eta ospa egiten du. Ray larri dago: lanean irabazten duenarekin ezin die umeei bizimodu onik eman. Gainera, seme zaharrena, T.J., egoeraz jabetzen da eta eskola utzi nahi du lanari ekiteko. Amak egun osoa etxetik kanpo ematen duenez, bera arduratzen da Ricky txikia zaintzeaz.

Karabana batean egiten du lo Lila Littlewolf-ek ere. Amaginarrebak urtebeteko haurra «lapurtu» dio eta, Rayk bezala, dirua behar du umea berreskuratzeko eta hari zer edo zer eskaini ahal izateko. Lila indioa da, mohawk tribukoa, eta diru dezente lortzen du St. Lawrence ibai izoztuan barna Kanadatik Estatu Batuetara etorkin ilegalak eramanez.

Beharrak bultzatuta, bi amek bat egiten dute. Ray zuria denez, Poliziak ez du susmo txarrik izaten eta arazorik gabe eraman ditzake etorkinak maletategian ezkutatuta. Lilak trafikatzaile mohawk bat ezagutzen du, Jimmy, eta haren laguntzarekin hainbat itzuli egin, eta diru anitz irabazten hasten dira. Baina zenbat iraungo du zorte onak? Noiz arte eutsiko dio izotzak beraien pisuari?

Atzo Courtney Hunt filmaren zuzendari eta gidoilariak azaldu zuenez, istorioa sortzen ari zela kultura desberdineko bi emakume zapalduk, norbere bizitza eta senideak arriskuan daudenean, bat egin eta elkar lagundu dezaketen galdetu zion bere buruari. Huntek sinesgarria deritzo emakume hauen artean sortzen den harremanari. «Biak ama dira eta, beraz, hizkuntza bat partekatzen dute, konpromiso bat daukate gertatzen dena gertatuta ere», adierazi zuen.

Borrokan

Melissa Leo aktoreak ematen dio bizia Rayri. Batez ere «Homicide: Life on the streets» lanean egindako antzezpen zoragarriagatik da ezaguna, baina hogei urte baino gehiago darama antzezten eta obra anitzetan parte hartu du. Bere pertsonaiari buruz, zera kontatu zuen: «Tristura handia du barruan maite duen gizonaren falta duelako, baina gogor borrokatzen du aurrera egiteko. Denok bezala, alde biguna eta gogorra ditu, eta garrantzitsua da alderdi biguna ere erakustea».

«Estatu batuetako prentsak eta presidentegaiek ez diote arazoari heltzen»

Courtney Hunt zuzendariak agertu zuenez, pelikulan lantzen den arazoa, etorkinen kontrabandoa, konpontzeko oso zaila da. Are gehiago «Ameriketako Estatu Batuetako prentsak eta presidentegaiek ez badiete gai hauei heldu ere egiten».

Lilaren papera egiten duen Misty Upham Montanako tribu batekoa da eta, aitortu zuenez, bertan ere bada kontrabandorik. «Horri buruzko iritzi desberdinak daude eta ez dut herri bat iritzi batekin lotzerik nahi», argitu zuen. Dena den, zera jakinarazi zuen: «Muga ez da gurea, Estatu Batuena da, eta askori ez zaio gustatzen hori onartzea». M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo