GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Lan politikotik epaitegietara

Botereak gero eta arma zorrotzagoak ditu eredu politiko eta ekonomikoak defenditzen dituztenen aurka joateko. Demokraziaren arauak omen dira, denentzat berdinak omen direnak. Alta, zer partaidetza dugu lege horiek erabakitzen direlatik?

Urtea joan da Kalaka ostatuko gazteak atxilotu zituztenetik. Harrezkero, atxilotu egin dituzte, leporatzen zaien Ducasse sukaldariaren egoitzaren aurkako ekintzekin loturarik duten frogatu gabe. Aitzakia behar zuten eta gertakari horiek baliagarriak izan ziren, hala nolako txostena eraikitzeko eta abertzaleen esku den ostatu xumea susmopean jartzeko, polizia indarren zurrunbiloetan uzteko.

Gero, justiziak ez du presarik erakutsi, bereziki abertzaleen kontrako giro maltzurraren elikatzeko. Atxiloketa horiek harridura sortu zuten Garazi inguruko eremuetan, hautetsi askok kezka azaldu eta plazaratu egin zuten. Justiziak duen independentziaren ideia ez dago denentzat argi, agertutako asmoa, soberatan, ez baita neutroa izan, abertzaleak ekaitzaren erdian zirelarik.

Urte honek beste berri larria ekarri zuen Laborantza ganbararen lehendakariaren aurkako salaketarekin. Laborantza sektoreak arramoldatzeko bere baitan aurkitu ditu indarrak, eremu berrien urratzeko, ateen idekitzeko. Hemen egin behar dugun lanaren eredua da, geroan sinetsi baitute, erronkak onartu eta jazarpen bideak hartu baitituzte. Hau errealitate sendoa da, ia solidoa.

Ondorioz, epaitegietara! Hau baita estatuarentzat gaur egungo edozein erresistentziaren aurkako bide aproposena. Legeak, nahi heina daude, eta falta badira, beste batzuk bozkatuko dituzte. Parlamentuak blokatuak dituzte, bahituak, ideologia nagusiaren mende daude. Ezin baita pentsatu gaur egun frantses sozialistek herritarrek dituzten kezkekin bat eginen dutela, jarraitzen duten helburu bakarra alderdiaren agintea hartzea delarik eta horren gibeletik borrokan dabiltzalarik. Oposiziorik ez dago, beraz, gobernuak erreakzio indartsu eta antolatu baten beldurrik ez dauka.

Aldiz, Laborantza ganbararen aurkako auzi horretan departamenduko ganbara auzian sartzeak beste orri bat gehitzen dio problematikari, alegiazko neutraltasunetik ateratzen baita, eta argi jartzen baita, Laborantza ganbararen proiektuaren aurka dagoela. Debatea sakontzera eramanen du, partaide bakoitzaren benetako aurpegia eta norberaren hautu politikoak, euskaldean, zein Europako politikaren aurrean agerian utziko ditu. Debate interesgarria, baina orekarik gabekoa militante bat kartzela zigorraren mehatxuaren pean ezarria baita.

Militante oro kartzelaratzeko mehatxuaren pean izan daiteke. EHAK eta Udalbiltzako hiru partaide ere horren mehatxupean daude. Botereak gero eta arma zorrotzagoak ditu eredu politiko eta ekonomikoak defendatzen dituztenen aurka egiteko. Demokraziaren arauak omen dira, denentzat berdinak omen direnak. Alta, zer partaidetza dugu lege horiek erabakitzen direlatik? Zer toki dugu demokrazia horretan? Demokraziak askatasun kolektibo eta norbanako handiagoa eskaini al digu? Euskaldunak gara eta gure etorkizuna zein izango den erabaki nahi dugu, Ipar Euskal Herrian izate hori garatzen ikusi al dugu azken hogeita hamar urteetan?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo