Familia ugariei laguntzeko neurriak aldarrikatu dituzte jai giroan Donostian
GARA |
Jai giroan baina aldarrikapenak alboratu gabe ospatu zuten atzo Hirukide eta Liluraldik X Sendi Arteko Jaia Donostian. Goizean goiz abitu zen egitarau oparoa eta haurrentzat zein gurasoentzat makina bat ekimen eta jolas antolatu zituzten. Tartean, izan zen bideojolasetan eta makilai tailerretan parte hartzeko aukera edota Poxpolo eta Mokolo pailazoen ikuskizunaz gozatzeko parada.
Ekimen honekin familia ugariei ematen zaizkien laguntzak handitzea eskatu zuten. Izan ere, euren ustez, oinarrizkoa da lana eta haurren zaintza uztartzeko neurriak ugaritzea, laguntza gehiago ematea eta deskontuak handitzea, besteren artean, argindarraren fakturan.
Gainera, familia horiek garraio eta hezkuntza arloan edota errenta aitorpena egiten dutenean aintzat har ditzan eskatu zioten Gipuzkoako Aldundiari. Herrietako udaletxeei ere konpromezuak eskatu zizkien eta familia ugariei laguntzeko har ditzaketen neurriak landu eta abian jartzeko galdegin zieten.