GARA > Idatzia > Kirolak > Arrauna

San Miguel Liga

Erregulartasunak ere badu saria

Urdaibaik bere hirugarren liga irabazi du, bigarrena segidan. Azken estropadan Orio nagusitu zen aurreneko kalea bikain aprobetxatuz.

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Urdaibaik uda osoan egindako lan bikanaren fruitua eta saria jaso zuen atzo Portugaleten. Bermeotarrek bigarren urtez segidan irabazi dute San Miguel Liga -aurretik beste bat ere bazuten palmaresean- eta denboraldiko trainerurik erregularrena izan dela frogatu zuten. Azken estropada Oriok irabazi zuen arren, Castro atzean uztea lortu zuten bizkaitarrek eta ongi merezitako festa prestatu zuten herrian. Agur esateko modu bikaina izan zen bai Patxi Bilbao entrenatzailearentzat eta baita elkartearen zuzendaritza osoarentzat ere. Zorionak!

Estropadari dagokionez, Oriok bikain baliatu zuen lehen kaleak Portugaleten ematen duen abantaila nabarmena. Oriotarrek 12 segundo sartu zizkioten Pedreñari, lehen txandan aurreneko kaletik joan zen ontziari. Zortzi urte baziren gipuzkoarrek Corte Ingles Bandera entzutetsua irabazten ez zutela.

Ligako laugarren garaipena lortu zuen tripulazioa hauxe izan zen: Jon Albizu, Gorka Etxeberria, Manuel Bentas, Agustin Mujika, Joxean eta Aitor Olaskoaga, Ibon Gaztañazpi, Anartz Larrea, Axier Kolina, Fernando Balenziaga, Andoni Peña, Ibon Etxeberria eta Urko Redondo, Irakoitz Etxeberria patroi zutela.

Entrenatzaileen agurren eguna izan zen atzokoa. Mendizabalek ez du Zarautzen jarraituko, ez eta Baldak ere San Pedron.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo