GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Sudrek azken minutuan eman dio garaipena Pegamo Bera Berari

PEGAMO BERA BERA 11

GETXO ARTEA 10

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Pegamo Bera Berak denboraldiko lehen partida eta derbia irabazi zituen atzo Donostian. Gipuzkoarrek irabazi baino gehiago, Getxok galdu zuen neurketa.

Bizkaitarrek norgehiagoka kontrolpean ukan zuten, eta partidako azkeneko jokaldira arte, aurretik joan ziren beti, baina lau zigor-kolpe eta bi transformazio huts egin zituzten, eta horrela ezin da irabazi.

Hori guztia gutxi balitz, partidako azkeneko jokaldian, baloia entsegu marra ingurutik atera beharrean, jokatzen hasi ziren, eta donostiarrek zigor bat atera zuten handik. Sudrek ez zuen huts egin, eta gipuzkoarrek garaipena lortu ahal izan zuen.

Lehen ordu-erdian bizkaitarrak nagusi izan ziren, eta 0-10 aurreratu ziren. Ostikoekin asmatu izan balute, aldea handiagoa izan zitekeen, baina ez zuten asmatu. Azken hamar minutuetan etxekoak nagusitu egin ziren, eta zigor bat gauzatu zuten.

Bigarren zatia ere berdintsu zihoan, baina denbora gutxian, epaileak Getxoko bi jokalari kaleratu zituen, eta horren ondorioz etxekoek entsegua erdietsi zuten. Gero, azkene jokaldian ere, ez zuten arerioen oparia alferrik galdu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo