GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Abortuaren legea mahai gainean

Eskubide gisa arautzea da giltza

Ez da aldarrikapen berria, urteak dira abortuaren despenalizazioa eskatzeko kalera irten zirela, baina oraindik ere «feminismoaren borroka estrategiko da». Zapateroren Gobernuak lege berria iragarri du. Orain helburua: behingoz eskubide gisa arautua izatea.

p006_f01.jpg

Maider EIZMENDI

Ezustean, dato askorik eman gabe, data zehatzik jarri gabe, Rodriguez Zapatero Gobernu espainoleko presidenteak abortuaren «lege berria» iragarri du. Ikustekedago proposamen horrek eragingo dituen «berritasunak», baina iragarpena aski izan da eskuineko alderdi kontserbadoreenak asaldatu eta «gaztetxoenek abortua antikonzeptibo metodo gisa» erabiliko dutela, edota tankera bereko aipamenak egiten hasteko. «Horrelakoak lehen ere entzuten genituen, badirudi erosoa iruditzen zaiela, arrunki esanda, `mediku baten aurrean hankak zabalduta jarri eta gau ero baten fruitua kentzea'», salatu du Kontxi Gomezek. Zuzenean bizi izan zuen 70eko. hamarkadaren amaieran eta 80ko hamarkadaren hasieran Basaurin abortuaren despenalizazioa eta lege baten premia aldarrikatzeko egin zen mobilizazio andana. «Orduan ere entzuten genituen `emagalduak ginela' eta nahi genuen `gauza bakarra babesik gabe larrua jotzea' zela».

Ia 30 urte beranduago, pasa den martxoaren 8an, berriz ere kalera irten behar izan zuen abortua legeztatzeko aldarrikapenaren alde. «Sentsazio berezia izan nuen. Ingurura begiratu eta orain dela hogeitaka urte borrokan aritu ginenetako asko ikusten nituen nire alboan, aldarrikapen beraren alde kalera atera behar izan duten neska gazte askorekin batera».

Orduko bizipenak ez ditu ahazteko. 70ko hamarkadan, orotara, hamaika pertsona atxilotu zituzten Basaurin abortatzeagatik edota abortuak egiteagatik. Gertaera horiek ordurako mamitzen ari zen mugimendu itzela lehertarazi zuten. «Atxiloketak 1976an hasi eta 1979ko urria bitartean luzatu ziren; gero epaiketak ere luzatu egin ziren, azkena 1982ko martxoaren 16an egin zen», zehaztu du. Abortatu zuten hamar emakumeak salbuetsi egin zituzten erantzukizunetatik, baina abortua egin zuen medikua kondenatu egin zuten epaileek. «Inoiz ez genuen kondena hura ulertu eta horregatik errekurritu egin genuen». Baina epai hark bestelakorik ere ekarri zuen: «Nolabait ateak zabaldu zizkion 1985ean egin zen legeari, epaileek sententzian emakumeek duten autonomia aipatu zuten lehenbizikoa aldia izan baitzen; argudiatu zutenez, «ezin da abortua penalizatu emakumea denean haurdunaldiarekin jarraitu nahi ez duena».

Egindako borroka guztiaren fruitua zela ulertu zuten. Epaiketek iraun zuten bitartean, Basauriko Emakume Taldeak, Emakumeen Koordinadorarekin batera, hainbat mobilizazio egin zituen, eta tartean, makina bat pertsona beren burua salatzera bultzatu zuten «nik ere abortatu egin dut» edota «nik ere abortatzen lagundu dut» mezuak berenak eginda. «Izugarrizko ilarak sortu ziren; adibidez, Bilboko epaitegiaren aurrean. Indar handia hartu zuenez, gertaera guztia geldiarazteko autoinkulpatutako emakume bat auzipetu egin zuten». Baina horretaz gain, auzipetutako emakumeei babesa emateko ekimenak antolatu zituzten eta atzerriko adituak bertaratu ziren epaiketetara.

Mugimendu hark ateak ireki zizkion 1985eko Abortuaren Legeari, baina hark ez zituen borrokan aritutako emakumeen nahiak asebete. «Guk beti defendatu genuen emakumeek eskubidea zutela beren gorputzekin nahi zutena egiteko, zenbat haur izan nahi zituzten erabakitzeko edota izan nahi ez zutela esateko, eta legeak ez zuen hori bermatu», azaldu du. Beren aldarrikapenak, ordea, zabaldu egin ziren eta oinarrizkotzat jotzen zituzten sexu informazioko zein familia plangintzako zentroak.

Hain zuzen, orduan sortu zen Basaurin Familia Plangintzako Zentroa. Informazio zerbitzu ugari eskaini zituzten, baina oztopo asko ere topatu zituzten euren ibilbidean. «Basaurikoa abortuak egiteko bahimena lortu zuen lehen Familia Plangitzako Zentroa izan zen eta horretarako tresnak ere erosi genituen, baina inoiz ez genuen lortu abortu bat bera egitea; Galdakaoko hospitaleko medikuak zegozkigun eta ez zuten zentroan egin nahi, eta ospitalean prozesua askoz ere zailagoa zen; nahikoa zen norbaitek, garbitzailea izanda ere, ezetz esatea bertan behera geratzeko», azaldu zuen.

Geroago, tartean desadostasun handiak izaki, zerbitzu hori osasun sare publikoaren bidez eskaintzeko eskatu zuten. «Akats handia izan zen hura, Osakidetzak inoiz ez baititu lehen eskaintzen ziren zerbitzu asko eman». Horiek guztiak berreskuratzea eta abortuaren auzia mahai gainean jartzea ezinbestekotzat jotzen ditu Gomezek.

«Zuhurtzia handiarekin», baina gaia bederen, mahai gainean jarriko delako iragarpena «ongi» hartu dute Nafarroan Abortatzeko Eskubidearen aldeko Asanbladako kideek. Bertako partaide den Oihana Lopezen esanetan, urteak daramatzare 1985eko legearen aldaketa aldarrikatzen eta, zentzu horretan, proposamena bera positiboa dela dio, baina «ez dugu konfiantza handirik». «Iruditzen zaigu laugarren baldintza edota epeen lege bat egingo dutela eta hori ez da guk aldarrikatzen duguna».

Asanbladaren ustez, lege berriak lehenengo eta behin abortua Zigor Kodetik kendu beharko luke, «abortua eskubide bat baita eta ez delitu bat». «Abortuak Osasun zerbitzuan eskaintzen diren gainerako zerbitzuen parekoa izan behar du; gure ustez, legeak abortua librea, eskuragarria, kalitatezkoa eta konfidentziala izatea bermatu behar du». Helburua «emakumea bere gorputzaz jabetzea eta hark abortatzeko eskubidea eta askatasuna izatea da».

Dagoeneko, hasi dira batean eta bestean, egingo den legea halakoren eta bestelakoren antzekoa izango dela esaten eta, Asanbladaren esanetan, hainbat estatutan legedi bereiziak badituzte ere, «gehienetan, mugak jartzen dira epeei dagokienez».

Araua bai, baliabideak ere bai

Estatu espainoleko egoerari dagokionez, datuen arabera, egiten diren abortuen %3 baino ez dira zentro publikoetan burutzen, eta kasurik gehienetan, gainera, haurrak arazoak dituenean. Euskal Herriari dagokionez, Nafarroa da zailtasun gehien dituen herrialdea. «Egoera areagotu egiten da zentro pribaturik ez dagoelako», aitortu du Lopezek. Gainera, Nafarroan, abortuak legean jasotzen diren hiru baldintzetan ere ez direla egiten aipatu du. «Beraz etorriko den legeak ere, araua bermatzeko beharrezkoak diren baliabideak ere jaso beharko ditu». Bere esanetan, kontzientzia eragozpena kontrolatzea eta tramitazioa azkartzea oinarrizkoak dira: «izapideak oso astiro egiten badira, jendeak zentro pribatuetara jotzen du, oso momentu delikatuak direlako beraientzako».

Kontzientzia eragozpenari dagokionez, aurrerapenak ikusi dituzte azken urteetan. «Hainbat ginekologo prest daude abortuak egiteko alor publikoan, baina beraiek badakite legea ez dela aldatu, eta Osasunbideak ez dietela babes hori ematen». Ezin dira ahaztu, gainera, 80ko hamarkadaren amaierako aurrekariak: 1985ean abortuaren legea onartu zenean hainbat medikuk abortuak egin zituzten Nafarroako zentro publikoetan, baina 1987an, «Accion Familiar» izeneko elkarteak hiru ginekologo salatu zituen legeak jasotzen diren hiru balditzetatik kanpo abortuak egin zituztela argudiatuta. Libre geratu ziren, baina horrek jarrera aldaketa garbia eragin zuen profesional askoren aldetik.

Horixe bera nabarmentzen du Nafarroan Abortatzeko Eskubidearen aldeko Asanbleak. «Lehen askoz ere kontzientzia eragozle gehiego zeuden; orain jende gazteagoa dago, baina babesa behar dute, badakite egungo legearekin salatuak izan daitezkeela edozein momentutan eta epaiketa izango dutela». Horregatik, egingo den legeak medikuen zein emakumeen babesari erreparatu beharko diola azpimarratzen dute.

Une garrantzitsua da honakoa Asanbladaren aburuz: «mahai gainean jarriko da gaia eta aprobetxatu egin behar dugu unea kalean egoteko eta aldarrikapenak egiteko». Izan ere, bere ustez, egun indarrean dagoen legeak «ispilatze moduko bat» eragin du gizartean. «Egia da emakume askok zentro pribatuetara jo dutela, eta badirudi, nahi duenak abortatu dezakeela, baldin eta dirua badu». Horrek hein handi batean gizartea desmobilizatu duela irizten dio.

Bizkaiko Emakumeen Asanblada adi dago, halaber, datozen hilabeteetan abortuaren harira eman daitezkeen pausoak arretaz jarraitzeko. «1985eko legea onartu zenean, beste hainbat feministek bezala, esan genuen ez zela nahikoa, batez ere, abortuari tratamendu penala ematen ziolako, eta ez eskubidearena. Gure usteak berretsi baino ez dira egin urte hauetan», adierazi dute Anabel Sanz eta Marijo Sola Asanbladako kideek. «Legeak berak emakumea zaurgarritasun egoeran jartzen du eta erraztu egiten du horien kontra egitea, aurrera eraman diren operazio polizial eta judizialek agerian utzi duten moduan», nabarmendu dute.

Haien ustez, abortua arautuko duen legeak hiru ezaugarri izan behar ditu: «batetik, delitu gisa tipifikatua ez izatea, Zigor Kodetik atera behar da eta zigorgarria izan behar du soilik emakumearen borondatearen kontra egiten denean; bestetik, oinarrian izan behar du emakumeen autonomia eta ahalmena beren bizitzen gainean erabakitzeko; eta azkenik, osasun sare publikoak hartu behar du bere gain, horrela emakume guztien eskura egotea lortuko delako eta baita praktika bere naturalizatuko delako».

Legeak, gainera, integrala izan behar du eta «irizpide medikuak ere kontuan izan behar dira; azken horiek zehaztuko baitute nola jardun behar den kasu eta egoera bakoitzean».

Asanblada nafarreko kideen antzera, Bizkaiko Asanbladan arduratuta daude legeak bere eskakizunak beteko ez dituenaren susmoa baitute. «Lege berriak atzerapenik gabeko aurrerapausoa izan behar du, ezin da zentzu batean hobetu eta beste aldetik okerrera egin. Epea zabalduko delako zurrumurrua bada, emakumearen egoera psikikoa baldintzetatik kenduko dutela ere badiote, eta hori atzerapen handia izango litzateke», adierazi dute. Salagarritzat jotzen dute, halaber, gai honetan, adostasun sozialari dagokionez Gobernu espainolak hainbesteko indarra jartzea, «beste lege batzuetan horrelakorik eskatzen ez denean».

Abortuaren kontuak hautsak arrotzen ditu gizarteko sektore batzuetan eta kritika ugari egiten dira. Haien ustez, horiek guztiak abortuaren gaineko desadostasuna dagoela sinestarazteko teknika baino ez dira. «Baina gehiengo handia dago emakumeen premiei erantzungo dien abortuaren legea berritzearen alde». Gainera, kritika askotan gezurra erabiltzen dela salatzen dute: «Izugarria da emakumearen gorputzarekin eta euren bizitzarekin zerikusia duen guztia kriminalizatzeko dagoen joera».

Beren hitzetan borondate politikoa da gakoa, «bai legea egiteko, baita hau aplikatzeko ere»; izan ere, oso gogoan dute Nafarroan, esaterako, 1985eko legea ez dela betetzen ezta bertan zehazten diren hiru baldintzetan ere. «Profesionalek jasaten duten jazarpena eta presioak, maiz, mediku asko atzera egitera bultzatzen ditu». Oro har, emakumeek jasaten duten diskrimazioaren harira, administrazioen diskurtsoaren eta bere jardunaren artean alde handiak daudela adierazten dute: «Politikoki zuzena den diskurtsoa ez dator bat errealitaterekin, diskriminazioak hor dirau, emakumeen aurkako indarkeriak hor dirau eta emakumeek segitzen dute euren gorputzarekin nahi dutena egin ahal izan gabe, aborturako eskubiderik izan gabe».

Gaiak duen mobilizazio gaitasunari dagokionez, gogora ekarri dute feminismoaren giltzarrietako bat izan zela orain urte asko abortuarena. «Urte askoan zentzu batean permisiboa izan zen legea izanda ere, abortua berriz ere mobilizazioa lor dezakeen gaia da, baita gazteen artean ere, eguneroko bizitzan dagoen gauza bat delako; berriz ere feminismoaren borroka estrategikoa izango da», ondorioztatu dute.

1975eko Veil legea

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoari dagokionez, Estatu frantsesean 1975. urtean Veil legea izenaz ezagutu zen arauak baldintzatzen du abortua, geroago berrikuntzak erantsi bazaizkio ere, azkena 2001ean. Erreforma honen bitartez 12 asteetara luzatu zen haurdunaldia eten ahal izateko epea. Abortuak badu zigor penala, baina ez emakumearentzat eta legeak kontzientzia eragozpenerako aukera aipatzen badu ere, ossun langileak beti ere emakumea beste profesional batengana bideratu behar du.

Zerbitzuaren kostuari dagokionez, Gizarte Segurantzak hartzen du kostuaren %80 bere gain. Halaber, hemezortzi urte bete ez duten gazteek ez dute gurasoen bahimenik behar. Konfidentzialtasuna gorde nahi badute, nahikoa da adindua den pertsona bat (senidea, laguna, gizarte langilea...) izendatzea prozedurak irauten duen bitartean. Hala ere, «kontsulta soziala» deritzona pasatu behar dute nahitaez.

Legeak batean eta bestean ezberdinak badira ere, abortuaren gaia arazoa da oraindik, luze eman diren mezuek gainkarga eragiten baitiote haurdunaldia eten nahi duen emakumeari. Legeak lege, oraindik ez da emakumeak bere gorputzarengan duen askatasuna arautzen duen legerik lortu.

Haurdunaldien prebentzioan eta sexu informazioan egin behar da indarra

Emakume taldeek abortuaren despenalizazioa aldarrikatzen dute, baina, halaber, antisorgailuei eta, oro har, sexualitateari buruzko informazioa behar dela nabarmentzen dute. Euren ustetan, ezinbestekoa da hezkuntzako curriculumetan sartze, gazteek sexualitateari buruzko ezagutza zuzen eta osoa izan dezaten.

Adibide gisa, zentzu honetan, Herbeheretako kasua jartzen dute. Europako legedirik permisiboena da, abortuari dagokionez, epe zabalagoak eta balditza gutxiago ditu, baina, aldi berean, estatistiken emaitzen arabera, abortu kopuru gutxien duen estatua da.

Bizkaiko Emakumeen Asanbladako kideek nabarmendu dutenez, informazioari dagokionez, beste plangintza sendoago batzuk dituzte eta horrek eragin itzela du nahi ez diren haurdunaldien kopuruari dagokionez. GARA

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo