GARA > Idatzia > Kirolak > Txirrindularitza

Vuelta 2008

Matti Breschel irabazle, Contador historian sartu den egunean

Koldo Fernandez de Larreak laugarren amaitu zuen Castellana pasealekuko esprintean, azken uneko erorketen erruz posizio ona galdu ondoren

p036_f01_148x116.jpg

Arnaitz GORRITI | BILBO

Gimondi, Anquetil, Hinault, Merckx eta atzoz geroztik, Alberto Contador. Herenegundik erabakita zegoen, baina 2008ko irailaren 21ean Astanako txirrindulari espainiarra historian sartu zen. Tourra, Giroa eta Vuelta -«hiru handienak- irabazteko gai izan den bosgarren txirrindularia baita madrildarra. Espainiako Itzuliko azken etapan erorketa batzuen erdian preso geratu zen Contador, baina azken hiru kilometroen barruan izan zirenez erorketok, ez zuen denborarik galdu 2008ko Vueltako irabazleak.

15 hilabeteren buruan lortu du, gainera, hain balentria latza Pinton jaiotako igotzaileak. Oso denbora laburrean, aldapan gora inor baino biziagoa dela erakutsi du, eta erlojuaren aurka ere asko hobetu du. Gainera, hemendik aurrera, maila are hobea izan dezake.

Podiumean, Levi Leipheimer bere taldekide estatubatuarra eta Carlos Sastre, 2008ko Tourreko irabazlea, izan zituen bere ondoan.

Castellana pasealekuko irabazlea, berriz, CSC taldeko Matti Breschel daniarra izan zen, Euskaltel Euskadik Koldo Fernández de Larrearen alde egindako lana ezerezean lagaz. Azken kilometroetako erorketek erabat izorratu zuten txirrindulari gasteiztarrak zeukan posizio ona. Beraz, arabarrak amaiera oso indartsua egin arren, ezin izan zuen laugarren postua gainditu. Arrazoiak arrazoi, Fernandez deLarreak ez du garaipena lortzeko helburua gauzatu, baina etorkizunean esprinten baten nagusitzeko ikasgai baliotsuak ikasita eramango ditu 2008ko Espainiako Itzulitik.

Izan ere, ez du merezi adina zorte izan talde laranjak, nahiz eta Egoi martínez aurreneko hamarren artean sartu, eta lau egunean liderraren urrezko maillota soinean eraman. Egin duen lanerako -bai Igor Antónen alde, bai Koldo Fernández de Larrearen mesedetan- ez du merezitako saririk eskuratu.

Ohiko gidoia

Aurreko egunetan lan beltza egin ostean, azken etapa «jaialdi» handia izan ohi da amaierara iristerik dutenentzat. Hala, ohiko gidoiari jarraituz, San Sebastián de los Reyesetik atera eta Madrila iritsi arte, tropelean lasaitasuna eta jaia baino ez zen izan. Azken etapako 102 kilometroetan ez zen sailkapen nagusirako lehiarik izango.

Horrez gain, hasierako kilometroetan euriak ongietorria eman zion azken etapari eta, Madrilgo zirkuitoan izan zitezkeen erorketen beldurrez, epaileek, euriak bere horretan jarraituz gero, bakarrik helmugatik aurrenekoz pasatzean hartutako denborak kontuan hartzea deliberatu zuten. Zorionez, eguzkiak euriari lekua hartu zion eta ez zen halako erabakirik hartu beharrik izan.

Hala, eguzkiak animatuta, Madrila iristeaz batera, etapa irabazteko erasoak hasi ziren. Tropelari gehien lan eman zion ihesaldia hirukote batena izan zen: Andalucía Cajasoleko Jesús Rosendok, Xacobeo Galiciako Carlos Castanok eta Liquigas taldeko Valerio Agnolik osatu zutena. Talde askok tira egin behar izan zuten azken orduko sorpresak saihesteko. Credit Agricole, Euskaltel Euskadi, Cofidis eta CSC taldeek tropela abiada bizian eraman zuten Madrilgo kaleetan zehar. Aldiz, Astana eta Alberto Contador lasai zebiltzan, tropelaren erdi-erdian.

Azken itzulian erorketek tropela apurtu egin zuten eta zenbait esprinterri posizioa izorratu. Azkenik, Breschelentzat etapa eta Alberto Contador historiako onenen artera.

Jon Odriozola: «Taldeak Vuelta on bat osatu du, baina zorterik ez dugu izan»

Jon Odriozola, Euskaltel Euskadik Vueltan izan duen zuzendaria, konforme zegoen bere taldeak egindako lanarekin, baina ez erabat gustura, «zorte apur bat» falta izan zaiola uste du.

«Vuelta ona egin dugu, gure lekuan egon gara beti, baina Antonen erorketarekin zorte txarra izan dugu. Koldo -Fernández de Larreak- bazekien garaipena zaila zela, baina gogor saiatu da».GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo