GARA > Idatzia > > Kultura

Juan Bas eta Juan Madrid idazleak «Errealismo zikinaren» gainean arituko dira Bidebarrietan

GARA | BILBO

Bilboko Bidebarrieta Kulturguneko ikasturteari hasiera emateko «Eztabaidak Literaturarekin» topaketak antolatu dituzte gaurko. Hitzordu honetan, Juan Bas eta Juan Madrid idazleak «Errealismo zikina» izango dute hizpide, 19.30etik aurrera, Mikel Alvirak aurkeztu eta zuzendutako ekitaldian.

Bidebarrietan antolatutako ekintza honetan, 1970eko hamarkadan Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) sortutako literatura-estiloa izango da topaketaren ardatz. Narrazio laburretan eta soberako osagairik ez duen prosan idatzita, eguneroko gorabeherak kontatzea da estilo horren ezaugarri nagusia. «Errealismo zikinean, eszenatokiak, pertsonaiak eta egoerak labur eta soiltasunez deskribatzen dira, adjektiboen erabilera ahalik eta gehien murriztuz», azaldu dute ekimenaren antolatzaileek. Hori dela eta, gehien erretratatzen diren giroak Estatu Batuetako gizarte klaserik kaltetsuenak izan ohi dira. Estilo horren idazle ezagunenak, besteak beste, Charles Bukowski, Raymond Carver, Richard Ford eta Tobias Wolff dira.

Juan Bas bilbotarra, Zazpi Kaleetan zebilen detektibe baten gorabeherak kontatzen zituen «Los casos de la Ribera» irrati gidoiarekin hasi zen literaturan. Bestalde, Juan Madrid nobela beltzeko idazlerik nabarmenenetako bat dugu. Gainera, generoko klasikoen kezka soziala berreskuratu du.

Bilboko Udaletik adierazi dutenez, 19.30ean hasiko den ekitaldi horretarako sarrera doakoa izango da. Horren ondoren, «Eztabaidak Literaturarekin» izenpean beste hainbat hitzordu prestatu ditu. Hurrengoa urriaren 7an izango da, eta bertan, Fernando Aranburu eta Pedro Ugarte idazleek deserriko literaturaz hitz egingo duten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo