GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Eunate Guarrotxena Larrabetzuko Guraso Elkarteko kidea

Eskola publikoan ere autogestioa dugu aukera

Ezin izango dugu Administrazioarekin maila berean jokatu. Baina badugu arrazoi handi bat: gure seme- alabei irakastea eta erakustea gure gizartearen antolamendua denon ardura dela

Eusko Jaurlaritzako politika omen da jendearen parte-hartzea eta instituzio eta gizarte demokratikoa «denon artean» eraikitzea. Hitz ederrak baina antzuak. Kalitatezko Euskal Eskola Publikoaren alde lan egin gura dugun gurasook ondo dakigu hori. Baztertu egin nahi gaituzte. Demokrazia aplikatuz gero, botere politiko eta ekonomikoaren galera dakar. Hor dago gakoa.

Nire asmoa ez da demokraziaren inguruko zirrikitu eta eztabaida filosofikoetan sartzea, hiritarron, jende xumearen, demokraziaren aldeko esfortzuak goraipatzea eta errebindikatzea baizik.

Ildo horretatik jarraituz, demokrazia eratzeko ezinbestekoa den hazia azpimarratu nahi genuke: autogestioa. Eta autogestioak bere baitan daukana: parte-hartzea.

«Auto-» aurrizkiak norbera esan nahi du. Eta «gestio» hitzak kudeaketa edo zerbait lortzeko bidea esan nahi du.

Autogestioa, beraz, talde edo pertsona batek bere interesak eta premiak ezagutzeko gaitasuna eta ahalmena lantzen duen prozesua da. Eta antolakuntzaren bitartez defendatzen ditugu gure helburuak eta premiak, beste taldeen interesak eta premiak aintzat hartuz eta baita defendatuz ere.

Horrelako antolakuntza egoeran sortzen dira elkartasuna eta errespetua. Gaur egun, zoritxarrez, ahazten ari gara balore horiek.

Autogestioaren ardatz nagusia, bestalde, parte-hartzea da. Hitz horrek konpartitzea, sortzea, laguntzea du oinarri.

Autogestioa, beraz, giza praktika legez, aukera ona da gure errealitatea ezagutzeko, aldaketa sortzeko, eta etorkizun hobea pentsatzeko.

Larrabetzuko eskolako gurasook ondo dakigu zer den autogestioa. Izan ere, 25 urte daramagu gure eskolako jantokia kudeatzen. Kalitatezko zerbitzu baten alde batu izan ditugu indarrak. Gure seme-alaben elikadura, jateko ohiturak, gurasoen parte-hartzea eta erabakitzeko eskubidea, produktuen kalitatea, eta herriko eta gertuko merkataritzaren aldeko apostua izan ditugu helburu.

Administrazioa horren alde omen dago. Agenda 21ek eta «ikastetxeen autonomia» printzipioak hala adierazten baitute. Zoritxarrez, paper errea.

Hala erakusten du Administrazioak egindako mehatxuak: zuzeneko kudeaketara pasatzen ez bagara, gurasoak enpresa pribatua omen garenez, gure kontu egongo da jantokiko sukaldarien kontratazioa eta jantokiko gastu guztiak. Aldiz, kudeaketa Administrazioak kontratatutako «enpresa publiko» batek hartzen badu, dena izango dugu eskura. Hau da «demokrazia fontanera» honen beste adierazpen bat.

Egoera horretan gaude, hain zuzen, Euskal Erkidegoko 15 eskola inguru.

Ez gara geldirik geratuko, etsaia boteretsua izan arren, eta salaketa publikoa egiteko asmoa daukagu. Baina, horretaz gain, ez dugu nahi hainbat urteko lana alferrik galtzea.

Zerbitzu publikoen pribatizazio garaian gaude. Hainbat urteko borrokarako erabili ditugun tresnek indarra galdu dute. Hain zuzen ere, gobernuak ereindako pasibotasunaren haziak arrakasta handia izan duelako. Garai berriak, estrategia berriak. Ezin izango dugu Administrazioarekin hainbat arlotan maila berean jokatu, ez baitugu hark duen botere ekonomikoa. Baina arrazoi handi bat dugu: seme-alabei gizartearen antolamendua denon ardura dela eta nolako gizartea nahi dugun erabakitzea, gure eskubidea dela irakatsi eta erakutsi nahi diegu. Bide horretatik zenbait balorek bizirik irautea lortuko dugu, besteak beste, elkartasuna, partaidetza eta errespetua.

Autogestioan sinesten dugu, gure seme-alaben kalitatezko elikaduran, gure herriko bizitza sozial eta ekonomikoan, jendearen partaidetzan... Demokrazian sinesten dugun bezala. Eta ez filosofia legez, ekintza legez baizik. Autogestio eta parte-hartzearen alde ekingo dugu.

Denok parte hartuta, autogestioaren hazi erraldoia jarri ahal izango dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo