Ekonomia-krisiari eutsi dio Brownek, laboristen baitako kritikak isilarazi nahian
Partidu Laboristaren biltzarra ez da erraza izaten ari Gordon Brownentzat. Taldeko hamabi legebiltzarkidek bere buruzagitzaren gaineko eztabaida eskatu dute. Kontrako ahotsak isilarazi nahian, finantza sisteman hobetuko duela nabarmendu du lehen ministroak.
GARA |
Gordon Brown ez dago unerik onenean. Hamabi legebiltzarkidek Talde Laboristaren baitan lehen ministroaren buruzagitzaren gaineko eztabaida zabal dadila eskatu dute. Sindikatuak ere gainean ditu. Horrez gain, izen handiko hamaika enpresaburuk Gobernuak egoera ekonomikoari buruz egin duen balorazioa gaitzetsi zuten atzo «Financial Times» egunkarian argitaratutako eskutitzean. Testuinguru horretan ari dira batzarra egiten laboristak Manchesterren. Brownek eta haren Gobernuak Britainia Handiak pairatzen duen krisialdiari eutsi diote partiduaren baitako arazoak estali nahian.
Bai hedabideetan bai kalean ere, zurrumurruak biderkatu egin dira. Brownek karguan jarraituko ote duen zalantzan jartzen duten arren, laboristen bilkuran giroa ez da hain beltza lehen ministroarentzat. «Gordonek? Ahal duen ondoen egiten du», plazaratu zuen batek. «Arazoa ez da berea, ekonomiarena baizik», gaineratu zuen Malcom Harrington analistak eta sindikatu ordezkariak.
Bere aburuz, «lehen ministro guztiek garai zailak jasan behar izaten dituzte. Tony Blairrentzat, adibidez, Irakeko gerra izan zen. Orain, Gordonek mundu mailan hondoratzen ari den ekonomia-sistemari aurre egin behar dio». Laboristen buru izaten jarraituko duela deritzo.
Prestoneko udal aholkulari den Linda Crompton ere uste berekoa da. «Azken hamar urtez geroztik, lan txukuna egin du», adierazi zuen.
Kritikak ahuldu nahian, finantza-sistema hobetuko duela eta City-aren «gehiegikeriak» geldiarazi egingo dituela esan du Brownek. Banketxeetan batzuei «gehiegizko arriskuak hartzeagatik» ematen zaizkien sariak «onartezinak» direla nabarmendu. Horrelakoak geldiarazi egingo dituela agindu du.
«Terrorismoaren kontra gobernu batek bakarrik borrokatu ezin duen bezala, globalizazioaren ondorioei ere ezin die bakarrik aurre egin», esan du Alistair Darling, Ekonomiako buruak.