Pasaiako proiektua ez da Helsinkikoaren horren antzekoa, ezta hura horren eredugarria ere
Pasaiako Portu Agintaritzako lehendakariak, Joxe Joan Gonzalez de Txabarrik «Helsinki: Pasaia berriarentzako eredua» jardunaldian Finlandiako hiriburuko portua eredugarritzat hartu eta Pasaiako proiektuak harekin dituen antzekotasunak nabarmentzen saiatu zen. Susmagarria da onurak baino ez omen dituen proiektua defendatzeko, eredu gisa ingurumenarekiko begirune handiaren ospe duen herrialde bateko proiektua aurkeztea. Hala ere, badirudi, alde batetik, Helsinkiko portua ez dela horren eredugarria. Izan ere, Helsinkin ez zuten ingurumen arautegia aintzat hartu, are Ingurumen ministroa bera baztertuta ere, adituen txostenetan oinarrituta ingurumenarentzat kaltegarria zela esan baitzuen. Eta, bestetik, bi proiektuen antzekotasunek ere ez dirudite oso errealak, ingurumenarekiko errespetu mailatik finantzazioraino. Zalantza handiak sorrarazten dituen konparazioa eta, nolanahi ere, interesatua da. Jaizkibel Bizirik plataformak salatu duenez, Helsinkiko Vuosaariko portua inposatzeko era da Pasaiako Agintaritzak harengandik benetan ikasi nahi duena. Horretan behintzat, alderdi kaltegarrienetan, baliteke eredu izatea.