GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora Nafarroako Txapelketa

Floren Nazabalek ez du kanporaketetan ere barkatzen

Lopez, Mindegia, Larretxea eta Senosiain I.a ere finalean izango dira

p042_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Floren Nazabalek irabazi zuen herenegun Uharten jokatu zen Nafarroako Lehen Mailako aizkolarien kanporaketa. Bera zen irabazteko faboritoa, ez kanporaketa bakarrik, baita txapela irabazteko ere bera izango baita. Berarekin batera, Nazabal, Lopez, Mindegia, Larretxea eta Senosiain I.a izango dira. Finala urriaren 7an jokatuko da Etxarri Aranatzen.

Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitu behar izan zituen. Jendeak erantzun bikaina eman zuen pilotalekuko harmailak erabat bete baitziren.

Ezuste gutxi izan ziren kanporaketa honetan, bost sailkatzen ziren, eta lau nahiko garbi zeuden, eta horiek ez zuten hutsik egin. Bosgarren postu horretarako Daniel Vicente zen faboritoa, berak Euskal Herriko lehen Mailako finala jokatzeko txartela ere lortu baitu aurten, baina Otsagabiakoak ez zuen bere egunik onena izan. Ez zen sailkatu, baina hori gutxi balitz, sailkapen nagusiko azkeneko postuan amaitu zuen, eta Rekondorekin batera Bigarren Mailara jaitsiko da

Kanporaketan hamar aizkolarik parte hartu zuten, eta hiru txandatan banatuta lehiatu ziren. Estreinakoan, Lopez, Vicente, Larretxea eta Jaunarena aritu ziren. Horietako hiru finalean izateko faboritoak ziren. Lopezek irabazi zuen txanda, eta Larretxea izan zen bigarren. Biek lortu zuten finalean izateko txartela. Bigarren txandan, berriz, Rekondo, Mindegia eta Senosiain II.a neurtu ziren. Miel Mindegiak irabazi zuen, eta finalerako sailkatzea lortu zuen bakarra izan zen.

Azken txandan, Nazabal, Barberena eta Senosiain I.a lehiatu ziren. Nazabalek ez zuen hutsik egin, aise irabazi zuen kanporaketa eta berak egin zuen denborarik onena.

Hala ere, lehia nagusia beste bat izan zen, Barberenarena eta Senosiainena, alegia. Biek egin zuten lan ona eta nabaria zen, finalean izateko aukera jokatzen ari zirela. Lehia estua eta gogorra izan zen, baina Olaguekoak irabazi zuen, nahiz eta tartean bakarrik hamazazpi segundo izan ziren.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo