ZINEMALDIA
Olivier Assayasek familia nola zatitzen den azaldu du «L'heure d'Été»-n
GARA | DONOSTIA
«L'heure d'Été» ez da autobiografikoa, Olivier Assayasen orain arteko pelikula gehienak bezala. Zuzendari frantsesak atzo aurkeztu zuen Zabaltegiko perla hori, sendi baten istorioa kontatzen duena. Ama hiltzeak eta belaunaldi batetik bestera gertatzen diren ezinbesteko aldaketek elkarrengandik urruntzen dituzte senideak.
Ama hil zitzaionean pentsatu zuen Assayasek filma egitea, baina nahiz eta doluaz edo denboraren joanaz aritzen garenean beti «arrazoi pertsonalak» tartean izan, gai unibertsalak direla dio zuzendariak.
Iragana oinarri
«Lehendabiziko aldia da familiari buruz hitz egiteko aukera dudana», adierazi zuen. Obra honetan objektuen bidez sustraiak transmititzeari buruzko hausnarketa egin nahi izan du. Hori da istorioaren oinarria: iragana, jatorria, gazteenek zamatzat har dezaketena. Kontakizunari bizia emateko, lehenago ere berekin lan egin duten aktoreak aukeratu zituen, familia bat osatzea bilatzen zuelako, hain zuzen. Gainera, pertsona ezagunez inguratuta egon nahi du orain, eta ez aurreko lanetan bezala, bakoitzean antzezle batzuekin. Charles Berling, Jérémie Rénier, Edith Scob eta Dominique Reymond izan ditu lankide. «Inprobisatzeko askatasun handia eman diet, eta horretarako konfiantza izan behar nuen beraiengan, eta beraiek nigan ere bai», azaldu zuen.
Ez da Juliette Binoche-ren kasua. Berarekin lan egin gabe zegoen, baina aspalditik ezagutzen zuten elkar. Assayas André Techinéren «Rendez-vous» lanaren gidoilaria izan zen. Horren bidez ezagutu zuen Juliette Binoche.
«L'heure d'Été»-n Binochek berak jo zuen Assayasengana. «Nik ez niokeen eskainiko, berarentzat paper txikiegia zela pentsatu bainuen». Anaiekin batera amaren heriotzari aurre egin behar dion Adrienneren papera egiten du.