Harri-jasotzea
Apusturako 1.500 sarrera salduta daude
J.L. | DONOSTIA
Datorren igandean jendetza handia izango da Tolosako zezen-plazan Aimar Irigoienen eta Izeta II.aren arteko apustua ikusteko asmotan. Ikusmina ikaragarria da, eta desafiorako data baino sei egun lehenago, 1.500 sarrera inguru salduta daude.
Hala ere, ez dago kezkatzerik, oraindik sarrera asko geratzen baitira saltzeke. Hala ere, normalean egunean bertan erosten ditu jendeak gehien, edo azkeneko egunetan, normalean sarrerak salgai egunean bertan jartzen baitira, horrela baitago jendea ohituta. Aste honetan dezentez gehituko dira salmentak, eta igandean bertan ere hasi aurretik askok erosiko dute.
Leitzan, Errezilen, Aian, Villabonan, Itziarren, Azpeitian, Azkoitian, Andoainen Tolosan edo Hernanin, betiko lekuetan daude salgai, baina igandean bertan erosi nahi dituenak ere izango du aukera, zezen-plazako leihatilak irekita egongo baitira 9.30etik aurrera. Jakina da, ordea, azken unera arte uzten duenak, leku txarrenetakoak izango dituela.
Bestalde, sarrerak igandean bertan erosi nahi dituenari goiz joateko deia egiten zaio, bestela, denbora asko pasa baitezake zain, sarrerarik gehienak igandean bertan saltzea espero baitute antolatzaileek.
Sarreren eskaria handia ari da izaten, antolatzaileek beraiek ere ez zuten uste horrenbesterako izango zenik, eta leku askotatik ari zaizkie deika, denek egon nahi baitute igandean, inork ez du galdu nahi harri horiekin gaur egun dauden bi onenen arteko dema. Sarrerak 45 eurotan daude salgai, eta prezioa berdina izango da aurretik erosi edo egunean bertan erosi.
Izan ere, apustu hau ikusi nahi duenak bertara joatea beste aukerarik ez du izango, telebistak ez baitu zuzenean emango. ETB-k bere lehen katetik zuzeneko konexioak egingo ditu. Hasi aurretik, eta, gero, txanda bakoitzaren amaieran, eta baita desafioa bukatutakoan ere, hori baita alde guztiek lortu duten akordioa. Beraz apustua ikusi nahi dutenek, behintzat, Tolosara joan beharko dute, nahitaez.
Gaztearen alde
Horrelako apustuetan jendeak ere dirua jokatu nahi izaten du, eta oraingoan ere ez da gutxiago izango. Aurretik beti jakin nahi izaten da noren aldeko joera daukan. Kalean dirua nahiko parean ibili arren, Aimar Irigoienen aldeko joera hartu du, nahiz eta aldeak ez diren handiak.
Apustu honetarako, ordea, beste era berri bat ere izango da, araudi berriak daude, legeak horrela aginduta, eta dirua jokatzeko makina berriak ere jarri dira. Herri kirol munduan gauza berria da, erabat eta badirudi hor ere ari dela jendea dirua jokatzen, baina ez agian kalean jokatzen zen bezainbeste. Hor ere dirua Irigoienen alde ikusten da, jendearen artean baino nabarmenago. Igandean bertan ere, zaleek, seguruenik, apustu asko egingo dituzte.