ZINEMALDIA
«Oroimena galduta ere, non hil nahi duen jakiteko indarra badu»
Alzheimerrak jota dagoen amona baten bizitzako egunak lantzen ditu Yesmin Ustaogluk «Pandoranin kutusu» pelikulan. Familiako belaunaldi guztiek arazoak dituzte, amonaren gaixotasuna barne, eta orduan hasiko da bakoitza bere «barne bidaiaren» ildoa eta zentzua bilatzen.
Ariane KAMIO | DONOSTIA
Hiru anai-arrebak herrian bizi den ama galdu egin dela jakin dute. Haren bila joan eta bizirik dago, baina medikuen azterketen arabera, Alzheimerra du. Beraiekin hirira eramatea erabaki dute, baina ez dago gustura, eta ahal duen guztietan ihes egiten saiatzen da, Itsaso Beltzeko urek bustitako mendi garaiak bilatzeko gogoz. Bere biloba, bera bezala, ihes egiten, familiarengandik aldentzen saiatzen da, eta bien arteko harreman estuak itzularaziko du amona berriro bizileku naturalera.
Nahiko gogorra da Yesim Ustaoglu turkiarraren lana. Memoria galtzen ari den emakumearen «barneko bidaia» irudikatzen du, noraezean dabiltzan belaunaldi desberdinetako bi gizasemeen arteko lotura eginez. Bere lan guztiek («Waiting for the clouds» eta «Life on their shoulders») «oso kutsu pertsonala dute». Honakoak ere bai; «pertsonaiek bultzatutako pelikula» dela dio. Txikitan bizi zen tokia hartu du ardatz, baita bertan bizi ziren «emakume gogorren» bizimodua ere.
«Istorio honetan hiru belaunaldi daude. Erdikoak arazo ugari ditu, eta zaharrena eta gazteena elkartuta daude, nolabait. Bata memoria galtzen ari da eta, besteak, bizitzaren zentzua bilatu nahi du», azaldu zuen.
Hasiera batean, ama hil zorioan zegoela jakiten zuen familia baten istorioa kontatu nahi zuen Ustaogluk, baina gertuko lagun bat Alzheimerrak jota hil zitzaion, eta «ezin nuen gai hori alde batera utzi».
Amonari (Tsilla Chelton) gauza asko egitea ahazten zaio; adibidez, bere eginkariak alfonbra gainean egiten ditu, baina, «oroimena galtzen ari bada ere, non hil nahi duen jakiteko nahikoa indar badu». Grabazioan zehar, «familia berri bat» ezagutu zuela azaldu zuen Cheltonek eta esperientzia berria izan dela ezagutzen ez zuen herrialde batean lan egitea. Aurkezpenerako sarrera Onur Unsalekin batera egin zuen. Harreman estua lortu zuten biek lanean jardun zuten denboran eta eguneroko bizitzara ere igaro dela azpimarratu zuen: «Gaur egun, nire benetako biloba da».
Filmean hiru belaunaldiren bizitzak irudikatzen dira. Erdikoan, seme-alabek arazo ugari dituzte. Zaharrenean amona dago eta, gazteenean, biloba. Iparra bilatu nahi dute eta harreman estua sortzen da