GARA > Idatzia > Kultura > Zinema

Basterretxea: «Gaur egun ezinezkoa litzake beste `Ama Lur' bat egitea»

Euskal Zinemaren Egunak bereganatuko du gaur Zinemaldiaren arreta eta eskaintza oparoa egingo die euskal zinea atsegin duten zaletuei. Lurdes Bañuelosek Idoia Sagarzazuren azken uneak biltzen dituen dokumentala aurkeztuko du, eta Gorka Merchanen «La casa de mi padre» luzemetraiak aurkezpen berezia izango du Victoria Eugenian. Gauean Amalur eta Ibaia sariak banatuko dira; bata, Marivi Bilbaorentzat eta, bestea, «Ama Lur» filmarentzat.

p046_f01_97x80.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Orain 40 urte estreinatu zen «Ama Lur» euskal produkzioa Zinemaldian eta gaur, filmaren bi egileak, Fernando Larruquert eta Nestor Basterretxea, berriro elkartuko dira jaialdiaren baitan Ibaia saria jasotzeko.

Basterretxearekin hitz egiteko aukera izan du GARAk, eta sariaren berria «harriduraz» jaso zuela azaldu zuen, baina «ez merezi ez dugula uste dudalako, hainbeste urte eta gero, gutaz gogoratu direlako baizik». Izan ere, euskal nortasuna hizpide duen dokumentala EHKE-k remasterizatu eta banatu zuen orain hilabete batzu egunkari honekin batera.

Sortzailearen arabera, «Ama Lur»-ek, diktadura garaian «zutik bizi zen herri baten irudia» helarazten du, «bere iraganaz jakitun zen herri batena».

Bere lanak haserrea piztu zuen garaiko Gobernuaren baitan, eta zintari zentsura ezarri zioten. «Zentsorearengana joaten nintzen bakoitzean ezin zituen nire erantzunak entzun ere egin. Ezin zuten jasan espainolarengandik aldentzea. Amorru hura ikustean konturatu nintzen egitasmo horrekin asmatu egin genuela».

Nolanahi ere, «gaur egun ezinezkoa litzake beste «Ama Lur» bat egitea», euskal gizartean «batasunik ez dagoelako». «Gizarte aldrebestu honetan, ez ditugu berdin pentsatzen duten bi pertsona aurkituko», zehaztu zuen.

Hala ere, 1968an egin zuten egitasmo haren antzeko bat gaurko egunetan egingo balitz, Gobernu espainolak esku hartuko lukeela uste du. «Zuzeneko zentsurak ez du existitzen, baina esku hartuko luke. Agian ez garai hartan bezain beste, baina ukazioa beste norabide batean islatuko litzateke».

Azken garaian Euskal Herriak jasaten dituen erasoek «bertute» bat izan dezaketela iritzi dio; hau da, «gizarteak behar duen irizpide bateratasuna ekar lezake. Beraz, utz diezaiegun zaunka egiten, eta guk jarraituko dugu gure bidea egiten», amaitu zuen.

Eskaintza oparoa

Euskal Zinemaren Egunean, 2007an eta 2008an egin diren euskal produkzioez gozatzeko aukera izango da. Aurtengoan, Gorka Merchanek zuzendutako «La casa de mi padre» izango da filmerik gailenena eta lan hori izango da Victoria Eugenia antzokian emango den bakarra.

Iazko Euskal Zinemaren Egunean, zendu berri zen Idoia Sagarzazuren azken egunak jasotzen zituen bideoklip bat aurkeztu zuen Lurdes Bañuelosek eta aurtengo topaketan lan osoa eskainiko du «Vivir con las botas puestas» izenburupean.

Euskal Herria eta Kubaren arteko produkzio bat ere aurkeztuko da: «Omertá, izenekoa. Paven Giroud zuzendaria, Pascal Gaigne musikaria, eta pelikula grabatzera Kubara joandako Jose Ramon Argoitia aktorea Principe zineman egingo den aurkezpenean izango dira.

Laburmetraiei dagokienez, Kimuak 2007 zikloan parte hartu duten lanak ikusi ahal izango dira, tartean, Telmo Esnalek zuzendutako «Taxi» film laburra, Reggio Emiliako zinema jaialdia irabazi berri duena. Horrez gain, 2008an egindako film laburrik onenen sorta ere eskainiko da.

Gauean, azken urteetan egin den bezala, sari banaketak itxiko du eguna. Aurtengoan, Marivi Bilbao aktorearen esku eroriko da Amalur saria.

Bestalde, Fernando Larruquertek eta Nestor Basterretxeak egin zuten «Ama Lur» filmarentzat izango da Ibaia saria.

ZENTSURA

«Oraindik zentsurak existitzen duela uste dut, ez agian garai haietan bezain beste, ezta hainbesteko lotsagabekeriarekin, baina Madrilek beste «Ama Lur» bat onartu beharko balu, esku hartuko luke».

Euskal Zinema

Izenburua: «Ama Lur».

Zuzendariak: Fernando Larruquert eta Nestor Basterretxea.

Iraupena: 103 m.

Urtea: 1968an grabatua.

Agirre: «Beste biktima batzuen existentzia azaltzen dut»

Iñaki Agirrek «Haizea eta sustraiak» dokumentala aurkeztuko du, eta bere lana ikusteko aukera bakanetakoa izango da gaur Zinemaldiak eskainiko duena.

1975eko irailaren 27an Gobernu espainolak hil zituen bost euskal militanteren istoriotik edaten du lan horrek. Europa dardarazi zuen Juan Paredes Manot «Txiki», Angel Otaegi Etxebarria, Jose Luis Sanchez Bravo, Jose Humberto Francisco Baena eta Ramon Garcia Sainzen erailketen errepasoa egiten du, «Txikiren» irudia gidaritzat hartuta.

Dokumentalean, gehienbat, «memoria historikoa eta migrazioa» jorratzen direla azaldu zuen Agirrek, eta «horri buruz aztertzen hasi ginenean «Txikiren» irudiarekin egin genuen topo. Filmearen ardatza hori izan zitekeela pentsatu genuen». Izan ere, militante horren migrazio sozialen eta haien helburu den tokiaren unibertso sozial, kultural eta politikoan integratzeko fenomenoa aztertzen da. Off-eko ahotsik ere ez dago, beren senide, lagun eta abokatuen testigantzek gidatzen dute dokumentalaren haria.

Gertaera horiek orain 33 urte jazo ziren arren, gaurko egoerarekin «parekotasunak» ikusten ditu zuzendariak, eta «dekadentzia» dagoela iritzi dio.

«Egunkariak itxita, irratiak itxita, egunkarietako zuzendariak espetxean, torturak... Pentsaerak ere debekatu dituzte alderdien legez kanpo uztearekin! Horrek guztiak gogorarazten dit aurreko egoera», azaldu zuen.

Gai horietaz hitz egiteko orduan, Luchino Visconti zinemagilearen «Gato Pardo» luzemetraia etortzen zaio gogora Agirreri eta, zehazki, bertan esaten den esaldietako bat: «Aldatu, ezer ez aldatzeko. Agian hori da gertatu zaiguna».

Pelikulak «beste biktima batzuen existentzia azaltzen du, aipatu ezin izan diren beste biktima horiena, hain zuzen. Horiei aurpegia jarri nahi izan diegu», esan zuen.

Hala, historiaren zati hori ezagutzen ez duen jendearentzat zuzenduta ote dagoen galdetuta, bere erantzuna argia izan zen: «Nik filma egin dut jendeak jakin dezan beste aldean ere badaudela biktimak. Beraz, ikusi nahi duenak ikusiko du. Baina ikusten ez duenak, ez du ikusiko, ez duelako nahi. Eta ez dakienak ez daki, jakin nahi ez duelako; beraz, nik ez dizkiot inori begiak irekiko», azaldu zuen.

Dokumentalaren euskarazko, gaztelaniazko, katalanezko, eta ingeleseko azpitituluak egin dira eta 22.30ean emango da, Principen. A.K.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo