GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Eneko Astibia Euskaltzale

Pixka bat «es poco», eta politikari hauekin, «casi ná»

«Pixka bat es mucho» diote; bada, ez da egia. Pixka bat, pixka bat da eta kitto. Are gehiago eskubideez ari garenean; izan ere, eskubideak bermatzen dira edo ez, eskubideak errespetatzen dira edo ez

Pixka bat es mucho» kanpainaren bukaera iragarri berri digu Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Doinu alai eta freskoekin aritu da oraingoan HPS, irratiz eta telebistaz batere merkeak ez diren iragarkiak (800.000 euro) etengabe erreproduzituz. Neska-mutil gazteak, alaitsu eta koloretsu ageri zaizkigu. Euskararen aldeko mezua hedatzen du horrela Eusko Jaurlaritzak. Hala ere, badago zerbait huts egiten duena. Izan ere, Euskal Herrian euskararen alde, antzeko mezuekin, hartzaile berdinei zuzendurik eta xede berberarekin gutxienez bost abesti egiten dira urtero. Kilometroak, Nafarroa Oinezek, Korrikak, Araba Euskarazek, Ibilaldiak eta Herri Urratsek gutxienez kanta bana ateratzen dute.

Azken 10 urteotako kanta guztiak batzen baditugu, 60tik gora doinu dugu euskararen alde ari direnak; beraz, Administrazioak ezer ez asmatzeaz aparte, zalantzazkoa da etengabe erabiltzen den bide horren bitartez gazteen portaerak aldatuko ote diren. Hainbatek defenda dezake euskararen aldekoa den guztia ona dela eta ondorioz ezin dela kritikatu.

Egia esan, zaila da horrelako ekintza bat kritikatzea, bere horretan azterturik ez duelako elementu negatiborik. Benetan kritikagarria dena da Sailburuordetzaren irudimen eskasa, herri mugimenduak arrakastaz egiten duena kopiatzeko duten grina eta, batez ere, bere-bereak diren alorretan pausorik eman ez izana beste zeregin batzuetara dedikatzen diren bitartean. Hitz egin dezagun garbi: Instituzioak politika egiteko daude, hizkuntza-eskubideak juridikoki babesteko berariazko arkitektura juridiko egokia sortuz eta, oro har, desoreka sozialak leuntzeko. Horretarako daude instituzioak eta oso zalantzazkoa da hori kanten bitartez lortuko ote duten.

Kantan aipatzen diren abeslariek, segalariek, pilotariek, gidoilariek, zuzendariek edo rastafariek EAEn produkturen bat erosi nahi badute, argi eta garbi ikusiko dute etiketetan ez dagoela euskararen arrastorik, beste gauza batzuen artean Eusko Jaurlaritzak eskubide hori ez duelako legez babesten. Zinera joan nahi badute, ez dute eskaintzarik izango Eusko Jaurlaritzak ez duelako politika eraginkorrik eskubide hori bermatzeko; gaixotzen badira, kasualitate hutsa izango da euskaraz artatzea, Osakidetzaren Plana 20 urte berandu hasi baita; justizia beharra badute, euskara baztertu beharko dute, gustatu ala ez, eta Ertzaintzarekin, Guardia Zibilarekin edo Polizia Nazionalarekin topo egiten badute... har bitza Jainkoak aitorturik euskara erabili nahi badute.

Gabezia horiek denak ez dira kasualitatearen ondorioa, guztiz agorturik dagoen hizkuntza-politika baten fruitua baizik, eta politika horrek erantzuleak ditu.

Administrazio Orokorra euskalduntzeko Plangintzek huts egiten dute behin eta berriro, beste gauza batzuen artean, 45 urte baino gehiago dutenek ez dutelako euskara ikasi behar eta horien kopurua % 80koa delako, segitzen dutelako euskara ez dakien jendea kontratatzen. Osakidetzaren plana berandu iritsi da eta, hemen ere, ez dakien jendea kontratatzen segitzen dute, Ertzaintzaren planaren ebaluaziorik ez da ezagutzen, politikariak eta goi karguak salbuetsita daude, euskara ikasten duten langileak gaztelaniaz lanean jartzen dituzte, eskuratu ahal izan duten gaitasuna denboraren poderioz neurri handi batez galduz, euskaraz lan egiten duen zirkuiturik ez dago. Egoera horrek ere erantzuleak ditu. Bitartean, herritarren hizkuntza-eskubideak sistematikoki urratzen dira.

Udalerri askok eta askok ez dute udal ordenantzarik euskararen normalizazioa lortzeko, Bilbok ez du ordenantzarik, Barakaldok ez du ordenantzarik, Eibarrek ez du ordenantzarik, Erandiok, Laudiok, Mungiak, Ondarroak, Portugaletek... ez dute ordenantzarik. Udal askok ez du erabilera planik eta duten askok ez dute inplementatzen. Egoera horrek erantzuleak ditu. Baina, hara non, kantatzen ari dira. Bakarrik espero eta nahi dut egun batean ez ikustea Ibarretxe, Azkarate eta Baztarrika doinuaren dantzan. Hori ez mesedez.

«Pixka bat es mucho» diote; bada, ez da egia. Pixka bat, pixka bat da eta kitto. Are gehiago eskubideez ari garenean, izan ere, eskubideak bermatzen dira edo ez, eskubideak errespetatzen dira edo ez. Sailburuordetzatik etengabe egiten zaigu dei euskara erabil dezagun, erabiltzea une honetan hautu pertsonal hutsa izango balitz bezala, euskaldunon erabakien baitan balego bezala. Etiketak, zinea, medikua, eguneroko erosketa, aisialdia, kirola... hori ere erabiltzea da eta errealitate gordina da ezin dela erabili beste gauza batzuen artean Baztarrikak eta bere taldeak ez duelako politika eraginkorrik abiatu nahi. Egoera honek erantzuleak ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo