Xabier Izaga Irakaslea
Gizarte-aintzatespena legez kanpo jarri ezinik
Larunbatean Gudari Eguna zela-eta deitutako elkarretaratzeak debekatu egin zituzten espainiar epaileek. Atzo, berriz, debekuak sutsuki errespetatzen dituzten euskaldunek beren alderdiaren eguna ospatu zuten, hurrengo lehendakaria nor izango duten argitu gabe, beren hautagaia nor izango den jakinarazi bazuten ere.
Larunbateko debekuen gainetik, ordea, milaka lagun atera ziren kalera hildako militanteek Euskal Herrian duten gizarte-aintzatespenaren erakusgarri. Alderdi politiko bat debekatzeko balio izan duen gizarte-aintzatespena, hain zuzen, tribunalak haren irakurketa okerra, alderantzizkoa, egin zuen arren.
EAE-ANV eta EHAK lege espainolen abarotik egozteko ebazpenak gauza bitxi asko esaten ditu, haietako bat EAE-ANVren zenbait udaletan presoen egoeraz arduratzeko batzordeak osatu izana alderdi hori legez kanpo ezartzeko motibo dela. Alde bat utzita kasu horiek ez direla Alderdien Legeak berak aurreikusten dituen delituetan sartzen, benetan bitxia iruditu zait Auzitegi Gorenak horretaz dioena; alegia, «indarkeria terroristarekin lotutako delituengatik zigortutako hainbat pertsonari gizarte-aintzatespena emateko» osatu zituztela batzorde horiek. Eta hori ez da egia, inondik inora. Egia da euskal preso politikoek eta iheslariek gizarte-aintzatespena dutela beren herrietan, Euskal Herri osoan, baina ez EAE-ANVk ez beste inork gobernatutako udaletan esandako batzordeak osatu dituztelako. Aitzitik, gizarte-aintzatespen horren ondorioz sortu zituzten batzordeak. Bidenabar, eskertzekoa da sentsibilitate hori, gainerako alderdietan ohikoa ez dena.
Gainontzean, zaharrak berri. Ikusi ditugu alderdi demokratikoak, aspertu eta nazkatzeraino demokratikoak, ezker abertzale legez kanpo jarri, kartzelatu, kalean jipotu, hainbat udaletatik kanporatuari bere isiltasuna aurpegiratzen. Ikusi dugu, hala berean, eta txantxa txar berari segida emanez, Perez Rubalcaba ministroa ezker abertzaleak ez duela hauteskundeetan aurkezteko interesik esaten. Francok ere ez du halako interesik, ministro jauna, sekula ez zuen izan eta orain are gutxiago... Barkatu, ahaztua nuen hilda dagoela; edonola ere, ez diot horregatik. Bizirik zegoela, ez zuen aurkeztu beharrik, eta orain ere, bizirik egotera, ezta ere, Estatu espainoleko instituzio guztietan frankismoa sobera ondo ordezkatuta dago eta. Eta Estatu frantsesak ere badirudi gustuko eredua duela.