Tamalez sarri, sarriegi gertatzen dira
Doccas David gaztea aurten Euskal Herrian emakumeen aurkako indarkeriak eragindako bosgarren biktima da, emakumeen aurkako erasoek izan dezaketen ondoriorik larrienaren bosgarren biktima. Mota horretako hilketen maiztasunak gure gizartearen arazo handienetakoaren aurrean gaudela adierazten du, are handiagoa hilketa bakoitzeko eraso ugari gertatzen direla kontuan izanda. Herenegun jaso zuen, Santurtzin, Doccas Davidek eraso ikaragarria, baina atzo bertan Baionan, Gasteizen eta Bilbon gizonezko bana atxilotu zuten emazteari edo/eta beste emakume bati eraso egin izana egotzita; larunbatean sexu eraso bat gertatu zen Gasteizen, ostiralean Arrasaten beste bat... Emakumeen aurkako erasoak, beraz, ez dira noizbehinkako kontua. Hala balira ere, larriak izango lirateke, baina maiztasun horrek gizarte honetan sistema patriarkala noraino errotuta dagoen erakusten du, eta horrek berezko duen desberdintasun egoeran bilatu behar dira indarkeria mota horren kausak, kasu bakoitzaren inguruabarretan baino gehiago.
Emakumeen aurkako indarkeriak ez du bereizketarik egiten, ez adinari ez faktore sozial edo kulturalei dagokienez. Hala ere, azken hilketa honetan ezin da saihestu hildako emakumea etorkina zela eta, ondorioz, eraso egiteko errazagoa. Izan ere, egoera horretan dauden emakumeek zailtasun handiagoei aurre egin behar izaten diete; esate baterako, tratu txarrak salatzeko eragozpen handiagoak izaten dituzte. Eta, paradoxikoki, zailtasun horiek, eskubide murrizketa horiek, legeek beraiek ezartzen dituzte.
Behin eta berriz entzuten da gizarteak arazo honen larriaz jabetu eta kausei heldu behar diela; lan hori baina, ezin da hilketa bat gertatzen denean bakarrik egin. Eta horretan herri erakundeek aparteko erantzukizuna dute, emakumeen aurkako indarkeriaren ondorioz hilketa bat gertatzen deneko gaitzespen hitzetatik haratago doan erantzukizuna. Diskurtsoetako eta legeetako berdintasun hori benetako bihurtu beharra dago, ezberdintasunak emakumea emakume izate hutsagatik arriskuan, maiz hiltzeko arriskuan, bizitzera kondenatzen baitu.