GARA > Idatzia > > Ekonomia

Lurramaren hirugarren edizioa, urtero bezala, arrakastatsuagoa izateko prest

Urriaren 31 eta azaroaren 2 artean egingo da Baionan Lurrama. Kalitatezko laborantzaren garrantziaren aldeko kanpaina egingo du. Euskal Herriko Laborantza Ganberaren arazo judizialetik at Lurramak aurrera segituko duela adierazi zuten elkarteko ordezkariek.

p030_f01_148x108.jpg

Idoia ERASO |

«Formula orokorra atxikiko dugu eta mezua ere bai, Lurrama herri laborantza iraunkorraren ispilu izanen da», azaldu zuen Maryse Cachenaut Lurrama elkarteko presidenteordeak. Orain arte arrakasta handia izan du ekimen honek; lehenengo urtean 31.000 pertsona bildu zituen eta bigarren edizioan 35.000. Orain artean egin bezala, hirugarren edizio honetan ere aurrekoan baino jende gehiago biltzea espero dute.

Ekimen arrakastatsua izanik ere berrikuntzekin helduko da. Ingurumenaren eta haurren guneei eskainitako gunea bikoiztuko da. Horrez gain, animazio bereziak ere antolatuko dira eremu horietan. Gaualdietan ere aldaketak egongo dira, eguneko ekitaldiekin batera gauekoak ere Chao Pelltierren egingo dira. Ostiralean zikiro-jatea izango da, larunbatean pintxoak, sagardoa eta txakolina dastatzeko aukera, eta igandean sukaldari famatuen bazkaria.

Kalitatezko ekoizpena

Ekoizlearen eta kontsumitzailearen arteko lotura estutu nahi du Lurramak, eta bertako ekoizleek jateko on eta osasungarria egiten dutela erakutsi. «Kalitatezko janari ekoizleak izateaz gain paisaia ekoizleak ere bagarela nabarmendu nahi dugu aurten», aipatu zuen Marye Cachenautek. Horren ispilu ekitaldiaren kartela: neskatxa bat agertzen da ardiak aukeratzen Larrañeko mendietan.

Afixako neskatxa Euskal Herriko Laborantza Ganberako Francis Poineauren alaba da. Poineauk berak Lurramako ekitaldi nagusietako bat aurkeztu zuen, gazta lehiaketa hain justu, eta lehiaketan ekoizle handi zein txiki guztiek parte har dezaketela nabarmendu zuen.

Laborantzaren mundua sakonki aztertzeko mahai-inguruak antolatuko dituzte. Hiru izango dira aurten jorratuko diren gaiak: nekazaritza erregaiak, laborantza ekologikoa eta nekazaritza mundu mailan.

Euskal Herriko Laborantza Ganbera auzipetuta egotea Lurrama arrakastatsua izateko oztopo ez dela jakinarazi zuten antolatzaileek. «Lurramak dituen bazkideak anitzak dira eta horrexegatik bere tokia egina duela uste dut», adierazi zuen elkarteko presidente Pantxo Bimboirek. Hala ere, «Lurramak bere laguntzaileen bitartez duen babes zabala erakutsiko duela uste dut», jarraitu zuen. «EHLB alde batetik da eta Lurramak bere tokia du gizartean», esan zuen Francis Poineauk.

EHLG

Ekimenaren antolatzaileetako bat auzipetutako Euskal Herriko Laborantza Ganbera izateak ez duela Lurrama ekimenean eraginik izango jakinarazi dute antolatzaileek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo