Portlandek Nikcevic galdu eta Jakobsen berreskuratuko du gaur La Riojaren aurka
GARA | DONOSTIA
Cuencan lortutako garaipen estuaz gozatzeko batere denborarik gabe, Portland San Antoniok Naturhouse La Rioja taldearen aurka jokatuko du gaur Iruñean (Nafarroako Unibertsitatean, 20.30ean hasita). Asobal Ligako seigarren jardunaldiari dagokion partida izango da eta neurketa Ramon Fernandez Baranda eta Agatha Gracia Sanchez epaileek zuzenduko dute.
Eta azkenaldian San Antonioz mintzatzen garen bakoitzean egiten dugun bezala, partida honetarako ere lesioen atala aipatu beharra dago. Min hartu duen azkena Ivan Nikcevic ezker hegaleko jokalaria izan da, ondoen jokatzen ari zen jokalarietako bat. Atzo eginiko azterketen emaitzen arabera, serbiarrak eskuineko belaunean bihurritua egin du eta hilabete inguru egon beharko du jokatu gabe. Nikcevicek larunbatean Cuencan jokatutako norgehiagokan hartu zuen min.
«Lesioak ez dira inoiz ongi etorriak izaten, baina oraingoan are gutxiago, jokalari ugari baitauzkagu min hartuta. Oso egutegi gogorra daukagu, partida asko segidan, eta lesio berri batek min egiten dio taldeari», onartu zuen serbiarrak.
Horrela, Nikcevic, Dominikovic, Juancho Perez, Cristian Malmagro eta Lars Jorgensen gabe arituko da gaur Chechu Villaldearen taldea. Hori bai, Claus Jakobsen itzuliko da zigorra bete ondoren.
Naturhouse izango dute aurkari, aurreneko bost partidetan porrot bakarra izan duen taldea. «Talde gaztea da, junior mailako jokalari oso onak dituena», nabarmendu du Villaldeak.