GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

«Bi enpresetako pilotariak elkarren aurka ez aritzeak min handia egin dio zesta-puntari»

p040_f01.jpg

Iñaki Osa Goikoetxea

Zesta-puntako banakako txapelduna

Halakorik onartzea kosta egiten zaion arren, Zumaiakoa XXI.mendeko puntistarik onena da, ez baititu alferrik banakako sei munduko txapelketa eta binakako bost irabazi. Laster, Mugartegi atzelari duela, Binakakoan dozena osatzen saiatuko da Zumaiako amerikarra edo Miamiko zumaiarra. Aurten, gainera, aurkarien artean Luis anaia arituko da, Irastorzarekin «txapeletik hurbil» egongo den bikotea.

Jon ORMAZABAL |

Txapelak irabaztea beti da gustukoa eta, alde horretatik, izugarri pozik da Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarra, larunbatean Irastorzaren aurka seigarren buruz buruko Mundiala irabazi baitzuen. Hala ere, azkeneko garaipenak ez du erabat ase aurrelaria, izan ere, bere hitzetan beste enpresetako pilotariekin jokatu ez izanak «saltsa» kendu dio txapelketari eta kirolari kalte egiten diola uste du pilotariak.

Hasteko, zorionak irabazitako seigarren buruz buruko munduko txapelketagatik.

Eskerrik asko. Txapelak eskuratzea beti da polita eta horrela jarraitzen dugun bitartean pozik.

Emaitzak ikusita, behinik behin, seigarren hau erraz irabazi duzula ematen du. Kantxatik ere hala ikusi al duzu?

Emaitzak ikusita badirudi aise atera dudala seigarren txapel hau, baina partidak jokatu egin behar dira eta hor ez da horren erraza 30. kartoira heltzea. Finalean bederatzi tantotako aldea atera nion azkenean Irastorzari, baina partida hasieran gauzak oso zail jarri zizkidan eta hamabosgarren tantora arte markagailuan atzetik ibili nintzen. Kantxan gauzak ematen dutena baino zailagoak dira.

Txapelak ikusita agerikoa da Goikoetxea XXI. mendeko puntistarik onena dela, historiakoa ere bai?

Ez dut uste nik halakorik esan behar dudanik, eta gainera halakoak esatea nik uste dut gehiegizkoa dela. Txapelketetan gauza askok izaten dute eragina, zortea ere izan behar da, egun ona izan...

Orain dozenaren bila binakakoa. Azkenean Mugartegirekin edo Cisnerosekin jokatuko duzu?

Bai dozena kopuru polita da, eta lortzea ederra izango litzateke. Cisnerosekin jokatzekoa nintzen, baina lesio bat izan du eta azkenean ez da etorri. Baina Mugartegi ere pilotari bikaina da eta ahaleginak egingo ditugu ondo jokatu eta txapela eskuratu ahal izateko.

Lehen aldiz etorriko dena Luis anaia izango da. Aurkari handienetako bat etxekoa izango da?

Bai, etorri da dagoeneko Miamitik eta bere burua prestatzen ari da. Gainera Irastorzak eta berak oso bikote ona osatzen dute eta iruditzen zait ez direla txapeletik oso urrun ibiliko. Faborito nagusienetakoak dira.

Txapelketa honetan Master Jaieko pilotariak bakarrik aritu zarete. Kirol alorretik begiratuta ez dirudi erabaki ona denik...

Guretzat pena handia izan da eta kirolarentzat ere beti da hobea pilotaririk onenak elkarren aurka ikustea. Jai Aliven pilotari handiak daude, uda osoan ez dugu haien aurka jokatzerik izan eta pena da. Nik uste dut elkarren aurka jokatzen ditugun partidek beti izaten dutela saltsa berezi bat, bai pilotarientzat eta baita ikusleentzat ere.

Azken urteetan zestaren osasunak hobera edo txarrera egin du?

Nire ustez, azkenengo urteetan zestak zertxobait hobera egin du, baina azken txapelketa honetan bi enpresetako pilotariak elkarren aurka ez aritzeak min handia egin dio zestari. Pena izan da akordio batera heldu ez izana. Ea datorren urtean akordio hori posible den eta zestak aurrera jarraitzen duen.

Urte osoa, udako sasoi hau izan ezik, Miamiko frontoian ematen duzu, nolakoa da han zesta-puntaren osasuna?

Han azken urteetan gauzak antzera samar dabiltza. Mantentzen ari da eta ea makina txanponjaleen legea onartuta, gauzek hobera egiten duten. Onartu berri duten legearekin, pilotalekuetan makinak jarri ahal izango dira, eta suposatzen da honek jendea pilotalekuetara erakarriko duela eta horrek kirolari lagunduko diola. Oraingoz legea onartu baino ez dute egin, orain frontoi osoa berritu behar dute, makinak jarri eta ea jendeak zer-nolako erantzuna ematen duen.

Laster, beraz, berriro ere AEBetara itzuliko zara; «bizimodu amerikarrera» ondo moldatu zarela ematen du behintzat.

Bai beste lau astez egongo naiz hemen eta itzultzeko gogoz nago. Hemen ondo nago, baina han ere bai, ez dago desberdintasunik batetik bestera. Hamabi urte igaro dira hemendik hara joan nintzenetik eta nahikoa ondo ezagutzen dut lurralde hura ere.

Pilotari gehienek, onenek bai behintzat, bizimodua ateratzera AEBetara joatea erabakitzen duzue, Euskal Herrian zestatik bizi al daiteke?

Hemen bizi daiteke, baina oraingoz han oso eroso bizi naiz, oso gustuko dut hango bizimodua eta ez daukat hona etortzeko presarik oraingoz. Dena dela, aurrera begiratuta buruan daukat noizbait Zumaira itzultzea.

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo