GARA > Idatzia > > Kultura

Jose Luis Iturralderi omenaldia, Eresbil-Eresiak kontzertu zikloan


GARA| ERRENTERIA

Gaur arratsaldean emango zaio hasiera Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak urtero antolatzen duen kontzertu denboraldi berriari. Apirilera arte euskal musikagileen musika, euskal interprete gazteen eskutik aditzeko parada izango da.

Atzoko aurkezpenean azaldu zutenez, Eresbil-Eresiak zikloaren lehen kontzertua Donostian hainbat belaunaldiren irakasle izan zen Jose Luis Iturralde musikagileari eskainiko zaio. Ziklo honetan Francisco Escudero, Luis de Pablo, Gabriel Erkoreka, Andres Isasi, Anton Larrauri eta Rafael Castro musikagileen obrak ere entzun ahal izango dira, besteak beste.

Irakaslea gogoratuz

Errenteria Hiria kulturgunean arratsaldeko 19.00etan egingo den emanaldian Iturraldek gitarra, harpa eta flautarako eginiko ganberako obrak entzun ahal izango dira. Donostiako Kontserbatorioko irakasle eta konpositore izan zenari egingo zaion omenaldian parte hartuko duten musikariak Argia Pujana (flauta), Sylvia Gutierrez (gitarra) eta Cristina Sanchez (harpa) izango dira.

Jose Luis Iturralde Donostian jaio zen 1908an, eta «Cuarteto en sol menor», haren lehendabiziko obra, 1934. urtean estreinatu zen. 1955etik aurrera Donostiako kontserbatorioko irakasle lanetan aritu zen eta Easo Abesbatzaren zuzendaria izan zen.

Bigarren kontzertuan akordeoia eta biolontxeloa entzun ahal izango da azaroaren 4an. Hirugarrena, berriz, abenduaren 2an, Oiartzungo Ibargain Musika Eskolako Flauta Taldeak eskainiko du.

Azpimarratu zutenez, zikloaren helburua entzuleei euskal autoreen musika hurbiltzea da. Baina elkarteak badu beste funtziorik; euskal ondarea gordetzea. Hori dela eta, kontzertuak grabatu egiten dira. Zikloaren bitartez, Musikaren Euskal Artxiboak, XVIII. mendetik XX. mendera arteko pianorako musikaren ibilbidea, Andres Isasiren ahots obra osoa eta, besteren artean, Sorozabal, Usandizaga, Aita Donostia, Hilarion Eslava edo Jesus Guridi euskal konpositoreen lanak ezagutzera eman ditu.

Fitxa

Lekua: Errenteria Hiria kulturgunea (Alfonso XI, Errenteria).

Data: Gaur, 19.00etan.

Antolatzailea: Eresbil Musikaren Euskal Artxiboa.

Salneurria:

3 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo