GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Piriniotako hizkuntzak aztergai, abiatu da Euskaltzaindiaren Biltzarra Iruñean

«Piriniotako hizkuntzak: Lehena eta oraina» da Euskaltzaindiaren XVI. Biltzarraren gaia. Aste osoan Iruñeko Baluarten egingo den biltzarra atzo hasi zen Michael Metzeltin hizkuntzalariaren eskutik; Piriniotako hizkuntzen bilakaeraz, garrantziaz eta etorkizunaz mintzatu zen.

p017_f02_097x128.jpg

Jasone MITXELTORENA |

Euskaltzaindiak XVI. Biltzarra abiatu zuen atzo Iruñean, «Piriniotako hizkuntzak: Lehena eta oraina» izenburupean, gaia aztertu eta hainbat arlotan sakontzeko asmoz. Euskara, kataluniera, aragoiera eta okzitaniera izango dira aztergai, eta kulturak ere izango du tokirik, literaturaren eta musikaren bidez.

Carlos Perez-Nievas Nafarroako Hezkuntza sailburuak eta Andres Urrutia Euskaltzaindiko lehendakariak egin zuten aurkezpena. Nafarroako Unibertsitateko ordezkariei, beste akademiatako arduradunei, Euskara- bideko kideei eta, oro har, Euskaltzaindiarekin lankidetzan ari diren erakundeei eskerrak eman zizkieten. Duela 90 urte sortu zenetik Euskaltzaindiak izandako ibilbidearen berri eman zuen Urrutiak, eta Perez-Nievasek Nafarroako Gobernuaren eta Euskaltzaindiaren arteko harremana goraipatu zuen.

Piriniar hizkuntzetan aditua

Michael Metzeltin hizkuntzalari suitzarra gonbidatu zuten lehen hitzaldia emateko. Metzeltin «erromanista» da eta, beraz, latinaren familiako hizkuntzetan aditua. Zenbaiten iritziz, Piriniotako hizkuntzetan aditu direnen artean adituena bera da, eta hala erakutsi zuen atzo; Katalunia, Aragoi, Nafarroa, «euskal probintziak», Asturies, Galizia, gaskoiera eta languedoc-a izan zituen mintzagai, eta ikuspuntu zabal bat eskainiz, hizkuntza horien iraganari eta egungo egoerari buruz luze mintzatu zen. «Idiomas regionales» deitu zituenen alde egin zuen, besteak beste, hizkuntza batek duen funtzio kognitiboari dagokionez garrantzitsuenak direlako; hau da, hizkuntzari dagokion gizartea ezagutzeko. Hizkuntzalari honen iritziz, herri hizkuntza, herrialde hizkuntza, nazio mailako hizkuntza eta Europar Batasunean elkar ulertzeko hizkuntzak behar dira, bakoitzari dagokion tokia emanez.

«Nafarroan euskara bigarren hizkuntza izatea, eremu osoan ofiziala behar lukeenean» ulertezina zaiola adierazi zuen adituak eta Suitzako egoera ekarri zuen gogora. Autonomien egiturak «herrialdeko hizkuntzei» egindako mesedea goraipatu zuen, eta hizkuntza horien etorkizuna horien garapenean ikusten duela adierazi zuen.

Gaur Joseba Lakarra mintzatuko da Baluarten, «Aitzin euskara» gai hartuta, eta gainerako hizkuntzei buruz beste hainbat aditu arituko dira. Arratsaldean Iñaki Caminok «Pirinioak, ekialdea eta euskal mintzoak» hitzaldia eskainiko du.

mendiak elkarleku

Hainbat adituk baieztatu izan duten legez, Mentzeltin hizkuntzalariak atzo Iruñean esan zuenez, «Pirinioek eta antzeko mendikateek hizkuntzei dagokienez elkartu egiten dute».

aztergaiak

Euskaltzaindiaren XVI. Biltzar honek Piriniotako hizkuntzen hainbat alderdi sakontzea du helburu; horretarako euskara, kataluniera, aragoiera eta okzitaniera aztertuko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo