GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Gari Mujika Kazetaria

«Demokraziaren seme-alabak»?

Hauteskundeen atarian gaudela eta batzuek politika horri begira ulertzen dutela konturatzeko, politikariak nor baino nor dema faltsuetan hasten direla ikustea besterik ez dago. Ditxosozko kontsulta elbarria dela-eta jeltzaleek Madrilekin irudikatu nahi duten enfrentamendua horren adibide izan daiteke, Patxi Lopez euskaltzaleen artean euskaltzaleena dela saltzeko egin duten ekitaldiaren tankeran.

Hori bai, gazteak aipatzen hastea kanpainaurrean buru-belarri dabiltzan seinale izaten da. Beren burua gazte erakunde gisa aurkeztu arren, alderdi bakoitzaren gazte sail izatera mugatzen diren taldeen txanda izan da joan den asteburukoa, nahiz eta gertatu denik ere inork gutxik jakin. Oro har, ohikoa da gazteak albiste ez izatea eta, baldin badira, errealitatea desitxuratzea; baina egoera hori iraultzeko taldeok egiten duten ekarpena hutsaren hurrena da. JSEk buru berria izendatu du berriki, baita Nuevas Generacionesek ere, eta Iratzarri taldeak biltzarra egin du. Baina hirurotako bakar batean ere ez zen gazteen inguruko diskurtsorik aditu, makropolitikaz euren nagusiek diotenaz harago. Mokoka hasi dira, gainera, Gasteizko Parlamentuak hauteskundeen bezperetan onartuko duen Gaztediaren Legearen proiektuan jeltzaleek bakarrik parte hartu dutela salatuz.

Urtebete luze pasa da Madrilek Jarrai-Haika-Segi gazte erakundeak «terrorista» izendatu zituenetik. Ordutik, atxiloketa gehiegi izan dira eta gazte mugimendu osoa kriminalizatu dute; bai gaztetxeak, bai gazte asanbladak bai plataforma autogestionatuak. Horren inguruan, ordea, euren nagusiei aurrea hartuta dabiltza; ametsik onenean ere lortuko ez duten indarra duen gazte mugimendu oso bat existituko ez balitz bezala jarduten baitute. Hartaz txintik ere ez. Haiek, aldiz -gazte independentistek, noski- emandako hitza bete egiten dute, politikariek ez bezala: Ibarretxek urriaren 25ean, euskal gazteak «demokraziaren seme-alabak» direla esanez iraintzen dituzten egunean, kontsulta egingo zuela-eta, Independentzia Eguna deitu zuten egun horretarako. Esan eta egin. Hernanin batuko da demokrazia exijitzen duen gazte andana.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo