GARA > Idatzia > > Mundua

Gutxienez 27 hildako gerrilla tamilak egindako ekintza kamikaze batean

Ustez LTTE gerrilla tamilak egindako atentatu batean gutxienez 27 pertsona hil ziren atzo Sri Lankako Anuradhapura hirian. Ekintza Sri Lankako oposizioko alderdi nagusiaren kontra, hain zuzen, PNU izeneko alderdiaren kontra, egin zuen kamikaze batek.

p026_f01_148x108.jpg

GARA |

Gutxienez 27 pertsona hil ziren atzo Sri Lankako iparraldean gerrilla tamilak oposizioko sinhalarren alderdi nagusiaren aurka egindako atentatu kamikaze baten ondorioz. Kolonboko Gobernuak gerrilla tamilaren aurka martxan jarri duen erasoaldiari emandako erantzuna dela nabarmendu dute adituek.

Gobernu sinhlarreko Defentsa ministro Udaia Nanaiakkarak Tamil Eelameko Askapenerako Tigreei (LTTE) egotzi zien atentatua. Hildakoez gain 80 zauritu izan zirela gaineratu zuten, eta duela 36 urte tamilen matxinada hasi zenetik atentatu hau «okerrenetakoa» izan dela nabarmendu zuten. Leherketa Sri Lankako iparraldeko Anuradhapura hirian jazo zen, Mahinda Rajapakse presidenteari oposizioa egiten dion Alderdi Nazional Batuaren (PNU) egoitzaren aurrean.

PNUren aurka

Hildakoen artean, Anuradhapurako PNUren buru Janaka Perera jeneral ohia eta bere emaztea daudela adierazi zuen Defentsa Ministerio sinhalarrak.

Perera militar ohia zen, eta sinhalarrek «gerra heroitzat» zeukaten gerrilla tamilaren kontra 1996an lortutako garaipena zela-eta. Halere, 2002tik hona Tigre tamilekin negoziatzearen aldekoa zen Perera. Kamikazeak Perera besarkatu zuela esan zuen Tamilnet web orriak.

Urte horretara arte PNU agintean egon zen Kolonbon. Garai hartako lehen ministroak, Ranil Wickremansinghek, su-etena lortu zuen 2002ko otsailean Tigre tamilekin. Norvegiaren bitartekaritzarekin lortu zen akordio hau joan den urtarrilean apurtu zen. 2002ko azaroan, orduko Sri Lankako presidente Txandrika Kumaratungak Wickremasinghe kanporatu zuen uharteko iparraldean tamilei autonomia handiagoa emateko asmoa zuelako.

Sri Lanka uharteko iparraldeko hainbat eremu LTTEren kontrolpean daude, eta Armada sinhalarrak duela zenbait aste eraso bati ekin zion matxinoen hiriburua, Kilinochchi, hartzeko asmoarekin.

Kolonboren tropak LTTEren hiriburutik kilometro pare batera daude, Sri Lankako Armadako buru Velupillai Prabhakaran jeneralak joan den asteburuan adierazi zuenez.

Kilinochch hiria kontrolatzea izugarrizko aurrerapausoa izango litzateke Kolonboko Gobernuarentzat tamilek uhartearen iparraldean eratu duten Estatua suntsitzeko.

anuradhapura

Hiri hau Sri Lankako iparraldeko komunikazio eremu garrantzitsua da, eta gerrilla tamilaren aurka borrokatzen diren soldadu sinhalarrak bertan hornitzen dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo