Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, puntua botatzeko prest
Udaberrian eskualdeetako txapelketak jokatu ostean, prest da bi urtetik behin jokatzen den Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Datorren igandean, urriak 12, Mendexako frontoian lehen kanporaketarekin hasi eta, bost kanporaketa eta hiru finalaurreko jokatu ostean, abenduaren 20an bukatuko da Barakaldoko BECen. Azken txapeldun Xabier Paya ez ezik, iraganean txapela jantzi zuten Unai Iturriaga eta Igor Elortza durangarrak ere izango dira parte-hartzaileen artean.A. BILBAO | BILBO
Bilboko San Inazio auzoan dagoen Euskararen Etxean aurkeztu zuten atzo aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, bertako babesle nagusi BBK-ko eta Aldundiko ordezkariek eta Bizkaiko Bertsolari Elkarteko lehendakari Karmelo Uriartek egindako agerraldian.
Bi urtean behin jokatzen den txapelketa datorren igandean, urriaren 12an, abiatuko da Mendexako frontoian, eta abenduaren 20an bukatuko da Barakaldoko BEC aretoan. Tartean, beste lau kanporaketa jokatuko dira: Zeanurin (urriak 18), Muskizen (urriak 25), Larrabetzun (azaroak 2) eta Zaldibarren (azaroak 9); eta hiru finalaurreko, Gernika-Lumon (azaroak 23), Markina-Xemeinen (azaroak 30) eta Getxon (abenduak 7).
Parte-hartzaileei dagokienez, txapelketan parte hartzeko hiru era daude. Aurreko urteko finalista izatea, inoiz finalisten artean egondakoa izatea edo Eskualdeetako Txapelketetan sailkatutakoa izatea. Beraz, bertan izango dira udaberrian jokatutako zazpi eskualdeetako txapeldunak: Eñaut Intxaurraga (Arratia), Oihana Bartra (Bilboaldea), Xabier Enbeita (Busturialdea), Gorka Lazkano (Durangaldea), Mikel Petuya (Enkarterria), Arrate Illaro (Ipar-Uribe) eta Gorka Ostolaza (Lea-Artibai). Zazpi hauetaz gain, 2006an izandako finalistetatik beste zazpik eman dute izena, eta zuzenean finalaurrekoetara sailkatu dira: Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Ibon Ajuria, Iratxe Ibarra, Onintza Enbeita eta Xabier Paya txapeldunak.
Aurten, hauetaz gain iraganean txapelak irabazi zituzten bertsolari ezagun bi bueltatuko dira lehiaketara, Igor Elortza eta Unai Iturriaga durangarrak hain zuzen ere. Milurteko bukaera eta hasierako txapelketetan protagonista nagusi izandakoak kanporaketan arituko dira.
Bertsolari gazte andana dugu eskualdeetako txapelketetatik sailkatutakoak ere, eta inor haserretu ez dadin, guztiak aipatuko ditugu: Xabier Enbeita, Arrate Illaro, Eñaut Intxaurraga, Oihana Bartra, Gorka Lazkano, Gorka Ostolaza, Mikel Petuya, Joseba Artza, Miren Amuriza, Iñaki Iturriotz, Eneko Abasolo, Mikel Galarza, Jabier Olibares, Iker Belaustegi, Garikoitz Sarriugarte, Jone Uria, Amaia Uribe, Ander Salaberria, Olatz Ibarluzea, Eñaut Uruburu, Arkaitz Zipitria, Manex Sagarna, Ander Elortegi, Itxaso Paia, Lander Ibarluzea, Julen Erezuma eta Xabat Galletebeitia. Ordezko legez, Jon Barrocal eta Jokin Castañosek biribiltzen dute taldea.
Gaijartzaile eta aurkezle lanetan ere ez da talde makala, Maite Berriozabal, Zuriñe Iarritu, Josu Esnaola, Leire Aurrekoetxea, Leire Bilbao, Josu Goikoetxea, Argiñe Gonzalez eta Bernar Mandalunizek osatzen dutena. Eta ezin ahaztu epaimahaia ere, Mirari Azula, Ainhoa Munitxa, Asier Ibaibarriaga, Josu Telleria, Moises Enbeita, Paulo Markuerkiaga, Iñaki Aurrekoetxea, Gorka Intxaurbe, Iñigo Gojenola eta Asier Legarretak osatua.
Finalari dagokionez, Bizkaiko Bertsolari elkarteak bazuen arantzatxo bat, izan ere, aretoaren edukiera txiki geratu eta azken orduko bertsozaleak kalean gelditu baitziren azken txapelketa erabaki zen saioan -Bilboko Euskalduna Jauregian, 2.200 zale ingururekin-. Gauzak horrela, aurten Barakaldoko BEC aretoan emango zaio amaieratxapelketari, nahi duen orok finala zuzenean gozatzeko aukera izan dezan. Gogoratu, bertan jokatu zutela azken Txapelketa Nagusiko finala ere.
Txapeldunak txapeldunari
Gainera, hemendik aurrera euskal kultur munduko norbait aukeratuko dute irabazleari txapela jantzi diezaion, Aldundiak eta antolatzaileek erabaki berri dutenez. Aurten Jon Azpillagak beteko du zeregin hori. Bertsolari berriatuarra makina bat Txapelketa Nagusi jokatutakoa dugu 60ko hamarkadan, baita Bizkaiko Txapelketan txapela jantzitakoa ere, 1961ean. Bestalde, txapelketaren berri zehatzago izan nahi duten guztientzat, www.botasarean.biz ataria jarri dute abian, bideo eta guzti. Zuzeneko saioa nahiago dutenek, finaleko txartelak salgai izango dituzte kanporaketetako txarteldegian eta aipatutako webgunean, baita BBKren kutxazainetan zein 944 310 310 telefonora deituta.
Xabier Paya azken txapeldunak ez ezik, iraganean txapela jantzitako Unai Iturriaga eta Igor Elortza durangarrak ere eman dute izena aurtengo txapelketan parte hartzeko
Antolatzaileek Aldundiarekin batera erabaki dutenez, hemendik aurrera euskal kultur munduan aritzen den norbaitek jantziko dio txapela irabazleari, eta aurten Jon Azpillaga aukeratu dute lan horretarako