GARA > Idatzia > > Kultura

50. urtemuga handikiro ospatzeko

Joxean AGIRRE

Orain 50 urte, 1958an, egin zen Bizkaiko lehen bertsolari txapelketa. Geroztik, sekulako ibilbidea egin du bertsolaritzak herrialde horretan. Seguru asko gorakadarik handiena herrialde horretan izan du azken urteotan. Eta horren urtemuga biribila ospatzeko modurik onena aukeratu dute: finala BECen egitea.

Asmatuko duten edo ez abenduaren 20an jakingo da, baina hedabideetan eta, azken batean, gizartean oihartzuna lortzeko bide bat da gisako erronkak jartzea. Gainera, aurtengo txapelketak baditu aldeko osagarri batzuk: Igor eta Unai beteranoak itzuliko dira lehiara, eta gaurko txapeldunarekin, Xabi Payarekin, neurtu beharko dituzte indarrak. Hasiberrien ilusioak ere mirariak egiten ditu eta jakin-mina sor dezakete. Miren Amuriza, Xabat Galletebeiti, Eñaut Uruburu eta Arkaitz Zipitria dira eskolartekoa utzi eta herrialdekoan lehen aldiz saiatuko direnak. Etxahun Lekuek eta Arkaitz Estiballesek badakite finalean kantatzea zer den eta puntan dabiltzan bertsolariak dira. Badira Enkarterrikoak, badira bilbotar peto-petoak, hor daude Algortako bertso eskolako azken emariak eta beste hainbat ere bai, adinez gazteak, baina kantuan eskarmentu handikoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo