GARA > Idatzia > > Kultura

Hogwood-ek eta Ainhoa Artetak irekiko dute Euskadiko Orkestraren denboraldia Bilbon

Gaur abiatuko den denboraldi berriak ehundik gora emanaldi izango ditu ekainaren 20ra arte. Bertako eta nazioarteko orkestrek, zuzendariek eta bakarlariek errepertorio berritua eskainiko dute.

p042_f01_148X104.jpg

GARA | BILBO

Bilbon emango zaio gaur hasiera Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertu denboraldi berriari. Abonu-Denboraldiko lehenbiziko emanaldian, Ainhoa Arteta sopranoa Orkestrarekin batera arituko da, Christopher Hogwood britainiarraren zuzendaritzapean. Soprano tolosarrak Straussen «Azkeneko lau liderrak» interpretatuko du Euskalduna Jauregian. Lehen programa hori urriaren 13an eta 14an Donostiako Kursaal Auditoriumean, 15ean Iruñeko Baluarten eta 16an Gasteizko Principal Antzokian egingo diren kontzertuek osatuko dute.

Nazioarteko hainbat orkestra ere izango dira. Horren adierazgarri ditugu euskal entzuleek dagoeneko ezagutzen duten Bordele-Akitaniako Orkestra Nazionalaren presentzia bikoitza, eta Milango Giuseppe Verdi Orkestra Sinfonikoaren estreinaldia. Lehenaren zuzendaria Kwamé Ryan izango da, eta bigarrenarena ohiko entzuleentzat dagoeneko ezaguna den Oleg Caetani. Gonbidatutako bi talde hauek piano-jotzaile bana ekarriko dute, Nikolai Demidenko eta Simone Pedroni, hurrenez hurren.

Datorren asteburuan Bordeleko Orkestra Nazionalak eta Nikolai Demidenko piano-jotzaileak Kwamé Ryan-en zuzendaritzapean Bilbon hasiko ditu emanaldiak, eta horietan aipatzekoa da Beethovenen «Heroica» entzun ahal izango dela.

Izen handiak

Denboraldian zehar Orkestrak lagun izango dituen zuzendariei dagokienez, batetik, lehendik ezagunak direnak eta, bestetik, programan berriak direnak izango dira protagonista. Lehen multzoan ditugu, Antonello Allemandi, Pablo Gonzalez, Andres Orozco Estrada, edota zortzi urteren ondoren itzuliko den Juan Jose Mena. Bigarrenenean, berriz, aipatutako Hogwood-ez gain, Pinchas Steinberg, Howard Griffiths eta Krysztof Penderecki handiak izango dira.

Bakarlarien artean Ainhoa Arteta sopranoa izango da, dudarik gabe, izarretako bat. Baina Jose Luis Sola, Ainhoa Zubillaga edota Maria Espadaren ahotsak, besteak beste, ere entzun ahal izango dira. Andra Mari abesbatzak, Donostiako Orfeoiak eta Bilboko Koral Elkarteak ere programan parte hartuko dute.

Bestalde, nabarmendu zutenez, haize-instrumentuei garrantzi berezia emango zaie denboraldi berrian. Horien artean izango dira Martin Fröst (klarinetea) eta Radovan Vlatkovic (tronpa). Hari-instrumentuei dagokienez, Yura Lee (biolina), Sol Gabetta (txeloa) eta Asier Polok (txeloa) eta Lorenz Nasturicak (biolina) osatzen duten bikotea nabarmentzen dira.

Orkestrak bere programazioan kontuan izan ditu halaber hainbat urteurren, hala nola, Puccinirena (jaio zeneko 150.a) Mendelssohnena (jaio zeneko 200.a) eta Haydn-ena (hil zeneko 200.a).

Nazioarteko bira

Abonu ziklotik kanpo Euskadiko Orkestrak hainbat ekintza egingo ditu. Horien artean azpimarratzekoa da Orkestrak denboraldi berri honetan egingo dituen hiru irteerak. Garrantzitsuena martxoan Italiara egingo dutena da, bertara iritsiko diren lehen aldia izango baita. Aurretik, Orkestra Madrilgo Auditorium Nazionalean izango da hilaren 17an. Ondoren, Andaluzian barrena bira bat egingo dute.

Disko-produkzioaren atalean, Euskal Konpositoreen bildumako XII. alea Beltran Pagolari eskainiko zaio. Horrez gain, egin beharreko grabazioak amaitu ostean, Bildumaren XI. alea aurkeztuko da, Luis de Pablo protagonista duena. Orkestraren fonoteka handitu egingo da beraz.

Orkestrak, gainera, irailaren 20an Miramongo Matinéeak Zikloa eta Musika Familian Zikloa jarriko ditu martxan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo