Euskal kantagintzaren hastapenetatik hasitako bidea «Gu gira» bilduman
GARA | DONOSTIA
Elkar diskoetxeak «Gu gira», bi disko biltzen dituen bilduma, kaleratu du. Bertan euskal kantagintzaren ahots garrantzitsuenak bildu dituzte; hastapenetatik hasi eta 1983. urtera arteko abestiak. Historian zehar euren ibilbidea egin duten kantuak dira.
Abeslari batzuk agertokiak utziak dituzte jada, edota diskoak argitaratzeari utzi diote. Beste batzuk, ordea, lanean jarraitzen dute, hogeita hamar urteren buruan, Euskal Herriari abesten.
Besteak beste, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Ruper Ordorika, Pantxoa eta Peio, Itoiz, Oskorri edota Gontzal Mendibilen kanta ezagunenak topatu daitezke «Gu gira»n.
Horiez gain, jada gure artean ez dauden Estitxu, Mixel Labeguerie, Julen Lekuona, Imanol Larzabal edota Lourdes Iriondoren kantuek ere osatzen dute lana; horiek utzitako ondarea bertan aurki daiteke, beraz.
Euskal identitatea
Atzoko aurkezpenean adierazi zutenez, «Gu Gira» izeneko bildumaren helburua euskal identitatearen berpizkundearen inguruko urte haiek gogora ekartzea da; garai hartako euskal gizartearen eta baita euskaltzaleen taupadak, kezkak, aldarrikapenak aditu eta gogoratzea, hain zuzen ere.
Orduan, elkarbizitzari, maitasunari, elkartasunari eta askatasunari kantatuz, euskalduna izatea zertan datzan ulertarazi nahi izan zuten. Bi disko horien bidez ere hori helarazi nahi dute.
Bere garaian, kantu guztiek izugarrizko bultzada eman zioten egoerari, eta orain sasoi hartako une biziak oroituz, orduko sentipenak eta sentsazioak gaurkora ekartzea da asmoa. Lan berri honek, finean, Euskal Herriko historia eta orain arteko ibilbidea kantuen bidez era iradokitzailean eta hunkigarrian kontatu nahi du.
Bilduman jasota agertzen diren erregistro gehienak denon oroimenean dauden arren, denak ez dira aurretik argitaratuak izan, horietako hamabost ez dira inoiz CD euskarrian argitaratu. Hori dela eta, Columbia eta Kardantxa-Movieplay katalogoetatik Estitxu, Iñaki Eizmendi, Gorka Knörr eta Niko Etxart kantarien abesti ezagunenak jaso dituzte.
Bilduma: «Gu Gira».
Edukia: Bi CD.
Argitaletxea: Elkar.
Abeslariak: Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Itoiz, Errobi, Pantxoa eta Peio, Lourdes Iriondo, Mixel Labeguerie, Oskorri, Iñaki Eizmendi, Ruper Ordorika, Xabier Lete, Niko Etxart...
Salneurria: 23,80 euro.