GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Garapen iraunkorra eta garraioa: Eurohiriaren lan ardatzak

A.B. |

Baiona, Angelu eta Biarritz herri elkargoa, Txingudi Partzuergoa eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak elkartu ziren atzo, Baionan, Baiona-Donostia Eurohiriaren biltzar nagusia egiteko. Bi urtetan elkartu ez direla eta, Jean Grenet BAB herri elkargoko lehendakariak atzoko bilerak «abiatze berri bat» finkatzen zuela azpimarratu zuen.

Bilkuran egiturako bulegokideak aukeratzeaz gain, ondoko urteko xede nagusiak finkatu ziren. Kari horretara, Eurohiriari indar berria emanen ziotela esan zuten «liburu zuria» gaurkotuz. Bertan, Eurohiriaren epe labur eta luzeko helburuak finkatuko dira eta, atzo iragarri zutenaren arabera, bi ardatz nagusi jorratuko dituzte, hain zuzen, garraioa eta garapen iraunkorra.

Kide berriak

Xede horiek aipatzeaz gain, Eurohiriaren egitura Lapurdiko eta Gipuzkoako beste herri eta egituretara zabalduko zutela jakinarazi zuten. Hego Lapurdi eta Oarsoaldeko herri elkargoak, eta Donostia hiria barne izango dira. Orain arte, izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundia, BAB herri elkargoa eta Txingudi Partzuergoak osatzen zuten egitura.

Kide berriak izatearen erabakia hartu zuten horrenbestez atzo. Horrez gain, Eurohiriaren arauak egokitzea geratzen zela argitu zuten. «Zirriborro bat aurkeztuko da urte bukaerarako, eta 2009. urtearen hasierarako arau berriak zehaztuko dira», azpimarratu zuten azkenik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo