GARA > Idatzia > Kirolak > Eskubaloia

Akaba Bera Bera

Liga ahaztu eta Europako bide onari ekiteko unea da

Reyes Carrereren taldea Bulgariako Etar-64 Veliko Tarnovoren aurka arituko da asteburuan, EHF Kopako kanporaketan. Arratek eta Zuazok liga partidak dituzte.

p036_f01_097x076.jpg

Arnaitz GORRITI | BILBO

Itxakoren aurkako euskal derbian egurra jaso zuen Akaba Bera Berak, baina asteburu honetan asteazkeneko neurketa ahaztea egokituko zaie Reyes Carrereren neskei, EHF Kopa ate joka ari zaie-eta. Gaur eta bihar aipatu torneoko bigarren kanporaketa jokatu beharko dute Bulgariako Etar-64 Veliko Tarnovoren aurka. Gaur arratsaldean, 16.30ean, Bidebieta kiroldegian jokatuko dute lehenengo neurketa; «itzulerako» dema, aldiz, bihar izango dute talde biek: Errenterian, eguerdiko 12.30etik aurrera.

Nahiz eta azken liga partida galdu, Akaba Bera Berako jokalariak lasai daude eta hurrengo kanporaketara pasatzeko konfiantza nahikoa dute. Libe Altuna hegalekoaren hitzetan, «liga eta EHF Kopa oso ezberdinak dira. Kasu hauetan liga mementoz ahaztu egiten da eta planteamendua aldatu. Gauzak beste era batera egitea tokatzen da orain».

Talde donostiarrak Europan ere ongi moldatzen dela erakutsi izan du. Iaz, esaterako, Errekopako finalerdietaraino iristea lortu zuen. Bestalde, asteburuko aurkariaren inguruan informazio handirik ez dute Reyes Carrereren jokalariek, nahiz eta Bulgariako Ligako egungo txapeldunak izan: «Ez dakigu gauza handirik beraiei buruz. Badakigu hona gutxi samar etorriko direla, eta Bulgariako Ligako golegile onena ¯Miglena Hristova¯ beraien artean dela».

Kontuan hartu beharreko beste jokalari bat 38 urteko Zoia Stefanova da. Sonia Bogdanova, taldeko beste izarra, berriz, ez da kanporaketan izango. Etxeko taldean, berriz, kanporaketa honetan Esme Lopezek eta Matxalen Ziarsolok ez dute jokatuko.

Liga Arrate eta Zuazorentzat

Euskal Herriko eskubaloiarentzat egun betea izango du gaurkoa, Akaba Bera Berak EHF Kopako neurketa duen bitartean, Arratek eta Zuazok liga partidak jokatu beharko dituzte, Valladolid eta Gijonen aurka, hurrenez hurren.

Eibartarrek etxean hartuko dute Pevafersa Valladolid indartsua, arratsaldeko seietatik aurrera. Julian Ruizen mutilek Asobal Ligako talde indartsu honi hortzak erakutsi nahi dizkiote Ipuruan, izan ere, «ahalik eta erasokorren» izatea baita eibartarren entrenatzailearen ustez gaurko partida irabazteko gakoetako bat. Hala lortu zuten, esaterako, Ciudad Reali irabaztea. Gipuzkoarrek Kobinek eta Diaz Aldazabalek jokatuko duten ala ez ez dute azken unera arte jakinaraziko, biak ere min hartuta daude-eta.

Barakaldoko Zuazo, berriz, ohorezko mailara igo denez geroztik, aurreneko garaipena lortzera aterako da 19.00etan. Asturiarrek lau partidatik bi irabazi eta beste bi galdu dituzte orain arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo