GARA > Idatzia > > Euskal Herria

KRONIKA Euskaltzaindiaren biltzarra Iruñean

Dagokien lekua aldarrikatu dute Pirinioetako hizkuntzek

Euskararen, Okzitanieraren, Aragoieraren eta Katalunieraren jatorriaz, irizpideez eta etorkizunaz bost egun luze hitz egiten eman ostean, atzo eguerdian amaitu zen Euskaltzaindiaren Nazio Mailako XVI. Biltzarra. Iruñeko Baluarte eraikinean egin dute, eta hizkuntza horien gaineko hamaika adituk parte hartu du. Ideia nagusi batean bat datoz guztiak; Pirinioetako hizkuntza gutxituen arteko elkarlanak aurrerapausoak emateko bidea izan behar duela.

Mendeetan eta mendeetan zehar Pirinioetako mendi inguruetan izan diren gudarosteen, pertsonen joan-etorrien eta aldaketa politiko eta sozialen gainetik, XXI. mendean bertako lau hizkuntzek bizirautea lortu dute; euskarak, okzitanierak, aragoierak eta katalunierak, hain zuzen ere.

Gaur egun, batzuek besteak baino osasuntsuago jarraitzen dute, instituzioen laguntza txikiagoa edo handiagoa jasota baina, azken batean, bizirik. Gaztelania eta frantsesa ezin izan dira inposatu, eta Estatu espainolaren eta frantsesaren inposizio eta trabek ez dute lau hizkuntza horiek desagerraraztea lortu.

Pirinioetako hizkuntza minorizatuen artean zubiak egin eta elkarlana sustatzea izan da Euskaltzaindiaren Nazio Mailako XVI. Biltzarraren helburua. Bertan, lau hizkuntzen jatorria, ezaugarriak eta antzekotasunak aztertu dituzte eta, horrez gain, egun bizi duten egoera nabarmendu eta etorkizunerako proposamenak ere egin dituzte.

Atzo, Biltzarraren amaiera ekitaldian, Andres Urrutia euskaltzainburua, Nafarroako Hezkuntza Saileko buru Carlos Perez-Nievas eta katalunieraren, okzitanieraren eta aragoieraren akademietako kideak izan ziren.

Urrutiak hartu zuen hitza lehenik. Hala, Biltzarraren arrakasta goraipatu ostean, nabarmendu nahi izan zuen Euskaltzaindiaren helburuak, «hizkuntzaren normalizazioa lortzea» eta era berean «euskal gizartean euskara sustatzea» direla. Eta bide horretan 90 urte lanean egin dituztela gogorarazi zuen. «Euskaltzaindiak euskararen sustapenaren bidean egiten diren ekimenak katalizatu behar ditu, normalizazioaren bidean akordioak bultzatuz», azaldu zuen Urrutiak, eta «euskararen erabilpen politikoa» salatu zuen.

Pirinioetako gainerako hizkuntza gutxituen alde lan egiten jarraitzeko deia egin zuen, topaketa hori «etorkizunean hartu-emanerako eztabaida gune bat» ezartzeko baliagarria izan daitekeela azpimarratuz.

Lau hizkuntza horietatik, Aragoiera da gaur egun desagertzeko arrisku handiena duena. Aragoiko iparraldean 15.000 bat lagunek hitz egiten dute, eta ez da ofiziala. Aragoiko Pirinioetan erabiltzen da eta zortzi dialekto dauzka, bailara bakoitzeko bat.

«Aragoiera hizkuntza ahaztua izan da azken hamarkadetan. 70eko hamarkadatik hona, aragoieraren dialekto guztiak biltzeko arau gramatikalak ezartzen saiatu dira, baina oraingoz ez dute lortu, desadostasunak egon baitira», azaldu zuen Aragoieraren Akademiako buru Manuel Castanek. Egitasmoak hiztunen «ilusioa» piztu duela nabarmendu zuen.

Bestalde, saiakera askoren ostean, oraingoan Aragoiko Gobernuak hizkuntzaren biziraupena sustatzeko legea onartzea espero duela azaldu zuen. «Urte mordoa daramagu legearen zain, oso garrantzitsua izango baita aragoiera bizirik mantendu ahal izateko», aipatu zuen.

Katalunieraren Azterketa Institutuko zuzendari Joan Marti i Castellesek, berriz, gogor salatu zuen askotan estatuek hizkuntza minorizatuei egiten dieten mesprezua. Haren ustetan, hizkuntza aniztasuna oso aberasgarria da, baina batzuetan estatu zentralistek ideia horren aurka egiten dute, hizkuntza gutxituak baliagarriak ez direla argudiatuta. «Globalizazioaren bidean dagoen gizarte honetan, oso garrantzitsua da herri bakoitzak bere hizkuntza eta kultura gordetzea», adierazi zuen.

Amaitzeko, Okzitanieraren Azterketa Institutuko arduraduna den David Grosclaudek azaldu zuenez, egun okzitanierak «legalki oso egoera zaila» du, izan ere, Estatu espainol, frantses eta Italiakoak batuta 2 milioi pertsonek erabiltzen duten arren, soilik Kataluniako Araneko bailaran da ofiziala. «Okzitaniera hiru estatu desberdinetan hitz egiten da, eta zaila da laguntzak lortzea», kexatu zen.

Asier VELEZ DE MENDIZABAL

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo