Heineken Kopa Biarritz
Zuri-gorriek ez dituzte azkenengo bi urteetako emaitzak errepikatu nahi
J.L. | BIARRITZ
Biarritzek gaur ekingo dio Gloucesterren zelaian Heineken Kopari. Zuri-gorriek 18.30etik aurrera jokatuko dute estreinako norgehiagoka.
Lapurtarren helburua finalerdietan izatea da, behinik behin, eta horretarako lehen fasetik ongi hasi beharra dute. Azkeneko bi urteetan kolpe handiak hartu dituzte, eta aurten ez dute hori errepikatzerik nahi. Orain dela bi urte final-laurdenetan geratu ziren kanpoan, eta iaz, ez zuten lehen fasea ere gainditu.
Zuri-gorriek aurreko bi urteetan baino hobeto hasi dute Liga baina, hala ere, zaleak aurtengoarekin ere ez daude erabat gustura. Dena den, joan den larunbatean sekulako norgehiagoka egin zuten, eta horrek indarra emango die ziur asko.
Gloucester talde arriskutsua da, eta etxean are eta gehiago. Hauek ere lehen fasea gainditu nahi dute; hori da beraien erronka, eta horretarako ezinbestekoa da etxeko puntuei eustea. Zuri-gorrien kasuan alderantzizkoa gertatzen da. Etxean irabaztea ezinbestekoa da, baina lehen postuan sartzeko kanpoan garaitzea ere bai. Sei multzo direnez, bakoitzeko onenak final-laurdenetara sailkatzen dira, eta bigarren geratzen direnen arteko bi onenak ere bai.
Hauxe izango da gaur Biarritzek zelairatuko duen hamabostekoa: Barcello, August, Moala, Thion, Carizza, Land, Vahafolau, Cronje, Courrent, Peyrelongue, Gobelet, Traille, Cabarre, Ngwenya, Thiery. Aulkian, Coetzee, Bourrust, Roidot, Som, Cibray, Masi eta Bidabe. Partida, Frantziako Canal + katean ikusi ahal izango da.