AIZKORA
Urrezko Aizkoraren lehen fasea amaitzear da
J.L. | DONOSTIA
Urrezko Aizkora Txapeldunen Ligako azkeneko bi ekinaldiak jokatuko dira asteburu honetan. Liga hau Nazabalek irabazi du, baina Kopako finala jokatu egin behar izaten da, eta lehen sailkatuarekin batera bigarrena eta hirugarrena ere sailkatzen dira.
Horiek ere jadanik erabakita daude, izan ere, Larretxea eta Arrospide izango baitira lehian Etxarrikoarekin batera. Hala ere, sailkapena egiterako garaian, bigarren eta laugarren postuak falta dira erabakitzeko.
Gaur azkenaurreko saioa izango da, eta ekinaldia Agurainen jokatuko da 18.00etatik aurrera. Bertan, Arrospide, Larretxea eta Lopez lehiatuko dira. Bigarren postu hori izango dute jokoan Arrospidek eta Larretxeak, baina biak izango dira Nazabalekin batera finalean. Azken ekinaldi horren berri oraindik ez du ezagutzera eman Egur Sport enpresak.
Biharko ekinaldiak, aldiz, ez du aparteko garrantzirik izango. Laugarren postua izango da jokoan, baina aurreko inork hutsik egiten ez badu, ezin izango dute finalik jokatu. Lopez, Arria eta Olasagastik neurtuko dituzte indarrak Pobesen 12.00etatik aurrera.
Proba hauetan, Urrezko Aizkorako saioetan egiten zuten moduan, lan ezberdinak egin beharko dituzte, eta guztietan denbora tarte laburrenean egiten duenak eskuratuko du garaipena.
Egur lana gustuko duenak, ordea, ez ditu aizkolariak bakarrik izango ikusgai, izan ere, bihar 12.00etatik aurrera Basaurin, San Fausto plazan jokatuko baita Bizkaiko trontzalarien finala. Bai emakumezkoetan, bai eta gizonezkoetan ere.
Jaizubia
Jaizubia aterako da bihar eguerdian, 12.00etatik aurrera Basaurin jokatuko den harri-zulatzaileen Euskal Herriko Txapelketa irabazteko faborito nagusi. Final hau, Bizkaiko trontzalarien finalekin batera jokatuko da.
Euskal Herriko final honetan honako talde hauek hartuko dute parte: Aldai Alde, Burdin Gazteak, Gallarta, Jaizubia eta Kabiezes. Jaizubia taldea izango da faborito. Azken hauek izan ziren Euskal Herriko Ligan garaile, eta garbi utzi zuten erregularrenak direla. Gero, Buruz Burukoa ere irabazi dute Isuzkizarekin, eta bigarren geratu ziren Binakakoan.
Hala ere, proba hau saio bakarrekoa da, eta baliteke horrek gauzak aldatzea, egun bakarrean edozer gerta baitaiteke. Gainerako taldeak ere indartsuak dira, eta ez dute amore emango. Burdin Gazteak taldeak edo Aldai Aldek ere lan bikaina egin zuten Ligan eta, beraz, kontuan hartu beharrekoak dira.
Harri-zulatzaileen denboraldia amaitzear dago, eta denek duten guztia eman nahiko dute biharkoan txapela eraman ahal izateko. Talde bakoitzak ordu erdia izango du lanean aritzeko, eta tarte horretan zulorik gehien egiten dituen taldeak eramango du aurten Euskal Herrikoa.