Sendero Luminoso itzuli da, noiz eta Perun krisi politiko larria dagoenean
Peruko Armadak Sendero Luminoso taldeari egotzi dio 19 hildako eragin dituen soldaduen aurkako segada. Berria baieztatuz gero, erakunde armatu maoistaren itzuleraren aurrean egongo ginateke, Peruk bizi duen krisialdi politiko larriaren erdian, hain justu.
GARA |
Peruko Indar Armatuen Komando Bateratuak jakitera eman duenez, 12 soldadu eta zazpi zibil hil ditu Sendero Luminoso erakunde armatuak herrialdearen hegoaldean egin duen segada batean.
Erasoa «terrorismoaren aurkako» Cochabamba Grande base militarraren patruila batek jaso du, Ene eta Apurimac Ibaiko Komando Bereziko infanteriako bigarren brigadako soldaduek hain zuzen.
Armadaren esanetan, soldaduak beren basera itzultzean harrapatu zituen segadak. Kamioi partikularretan zihoazen eta Curva Sajona izeneko toki batean izandako eztanda batek konboia geldiarazi zuen.
Ondorengo liskarrak hainbat ordu iraun zituen eta, ondorioz, 12 soldadu eta zazpi zibil hil ziren, azken hauen artean, «emakumeak eta haurrak», bertsio ofizialaren arabera. «Ekintza deitoragarri honek agerian uzten du Sendero Luminoso erakunde narkoterroristak bizirik dirauela», ohartarazi du Peruko Armadak.
Erakunde armatuko agintari gehienak, Abimael Guzman, Presidente Gonzalo ezizenez ezaguna tartean, kartzelan direla, Sendero Luminosoren aurkako gerra irabazitzat jo zuen Peruko Gobernuak duela urte batzuk, horretarako gerra zikina neurrigabe erabili bazuen ere.
Hala ere, azken urteotan izan da erakunde honek indarrak batu dituenaren berririk. Erasoak ere izan dira. baina atzokoa azken hamar urteotako gordinena litzateke, dudarik gabe.
Maoismoaren gerra-taktikak Peruko goi-lautadara eta oihanetara eraman zuen erakunde armatua itzuli dela ziurtatzen bada behintzat, oso une adierazgarrian gertatu da. Izan ere, krisialdi politiko gogorra bizi du herrialdeak. Herenegun bertan Gobernuko kabinetea osatzen zutenek beren postuak Alan Garciaren eskuetan utzi zituen korrupzio salaketak zirela-eta.
«Petrogate» izenarekin bataiatu duten eskandalua joan den igandean lehertu zen: Norvegiako Discover Petroleum enpresari hainbat petrolio-ustiapen emateagatik dirutza irabazten zuten hainbat ministrok. Energiakoak dimititu egin zuen, eta grabazio berri batzuek lehen ministro Jorge del Castillo eta Osasun ministroa zipriztindu dituzte.
Bere aurreko legealdian ustelkeria salaketengatik kargua utzi behar izan zuen Alan Garciak sostengu osoa eskaini berri dio Armadari, gerra zikina dela eta, honen aurka hasi nahi dituzten prozesu judizialen aurka.
«Izugarrizko garaipena lortu zuten Sendero Luminosoren aurka», aldarrikatu berri du presidente «sozialdemokratak».
Giza Eskubideen aldeko Peruko Elkarteak salatu duenez, bost nekazari -eta ez gerrillariak- hil zituen Armadak irailean. «Liskar batean hil ziren eta, beraz, Senderokoak izan ziren», erantzun dio Armadak.