UPNren erabakiak garrantzi politiko ukaezina du, eta nafarren eskubideek?
Azken egunotan UPNk Estatuko Aurrekontuen bozketan izango duen jarrera argitzea izan da arreta gehien erakarri duen kontuetako bat, eta atzo argitu zen, UPNren Kontseilu Politikoaren antzezpenean, alderdiaren erabakia. Bozketan abstenitzea, alegia. Erabaki horren zergatiak zenbait galdera sortzen ditu, UPNri bakarrik ez dagozkionak eta nafarren interesak alderdien lehentasunen artean zein postutan dauden nabarmen utz dezaketenak. Ikusteko dago, bestetik, UPNren eta PPren artekoak noraino egingo duen okerrera.
Ukaezina da atzo UPNren Kontseilu Politikoak iragarri zuen erabakiaren garrantzi politikoa; nolanahi ere, Nafarroako herritarren eskubideen bermea ez dirudi bigarren mailako kontua izan behar duenik, eta Miguel Sanz presidentearen eta Santiago Cervera alderdi bereko diputatuaren arteko ika-mikek, Sanzen eta Rajoiren bazkariak eta UPNren gaineko adierazpenek argi gehiena erakarri zuten bitartean, zenbait gazte nafar inkomunikatuta zeuden Guardia Zibilaren soto ilunetan, abuztuan hasi zen polizia-operazioaren ondorioz. Gazte horiek epailearen aurrean deklaratu zutenean torturak jaso izana salatu zuten. Epailearentzat, beharbada, normala da atxilotu bat polizia-etxetik alkandora odoleztatuta duela iristea. Tortura eta tratu txarren salaketak behin eta berriz gertatzen dira, ia atxilotuak bezain ugariak dira, baina Gobernu espainolak, alderdi politikoek eta epaileek ez dute tortura saihesteko neurriak hartzeko inolako borondaterik. Izan ere, neurri horiek hartuta, tortura salaketak faltsuak balira, erraz asko erakutsiko lukete faltsutasun hori.
Atzo borondate falta hori ez ezik, inkomunikazioa -tortura errazten duen elementu nagusia- tresna baliagarri gisa ere badutela argi utzi zuen Aritz Azkona eta Mikel Jimenez gazte nafarren atxiloketak. Guardia Zibila abuztuan gazteok atxilotzen saiatu zen, eta haiek horren jakitun, beren borondatez deklaratzeko asmoa agertu zioten Grande-Marlaska epaileari. Hark, ordea, ez zien atxilotze agindua kendu, eta atzo Auzitegi Nazionaleko atean bertan atxilotu zituen Guardia Zibilak. Operazio horren ondorioz auzipetutako gainerako gazteei Segiko kide izatea edo «kalte terroristak» egozten dizkiete. Alegia, delitu zehatzik ez eta, harrigarriena, urte luzeetako praktika bada ere, kartzelatzeko edo libre geratzeko, are epaiketan ere, balio duen deklarazioa polizia-etxean egindakoa da.
Atzo atxilotutako bi gazte nafarrek epaileari Auzitegian aurkezteko asmoa zutela jakinarazten zioten bitartean, Guardia Zibilak haien argazkiak zabaldu eta Nafarroan atentatuak egiteko prest zegoen ETAko komando bateko kideak zirela esan zuen jendaurrean. Atxiloketak ikerketa zorrotzen ondorio direla diote, baina ezin da ulertu, hala izanik, zein zentzu duen inkomunikazioak Guardia Zibilarentzat eta epaileentzat. Edo norbaitek ulertzen al du?