GARA > Idatzia > > Ekonomia

Etxeko langileen lan eskubideak ziurtatuko dituen lege-erreforma eskatu dute

GARA |

Etxeko Langileen Elkarteak, beste zenbait sindikatu eta erakunderekin batera, etxeko langileen «lan eskubideak» ziurtatuko dituen lege-erreformaren eta Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartzeko eskakizuna egin zuen atzo.

Horrez gain, Menpekotasun Legean dauden laguntzak «edozein lan-egoera» duen emakumeak kontratatzeko balio dezatela eskatu zuen elkarteak.

Horren arabera, 2007ko irailean, Lan Ministerioak etxeko lana bazterketa egoeratik aterako zuen lege-erreforma iragarri zuen. Elkartearentzat, proposaturiko erreforma hau «ez zen nahikoa, nahiz eta aurrerapauso bat izan».

Dena den, elkartea kezkatuta agertu zen atzo, «ez baita aldaketa bat bera ere egon, eta etxeko lanaren egoerak betikoa izaten jarraitzen baitu».

«Gure helburua etxeko langileen araubide berezia indargabetzea da, baina langileen Araubide Orokorrean sartzea nahi dugu, eta ez beste edozein araubidetan», adierazi zuten elkarteko ordezkariek.

Gai honen aurrean, bestalde, «paradoxak» gertatzen direla aipatu zuen. Honekin batera, «Menpekotasun Legeak tranpa dauka, senideen zaintzarako prestazio ekonomiko bat ezartzean (2008. urtean 507-329 euro artekoa hilean, menpekotasun mailaren arabera)», azpimarratu zuen.

Enplegu agentziak

Etxeko Langileen Elkartearen ustez, «baimen legalik ez duten eta gehiegizko kuotak kobratzen dituzten» enplegu-agentzia pribatuek egiten dituzte kontratazioak. Horregatik, Lakuako Gobernuaren jarrera salatu zuen, «ez zaionez interesatzen, ez du kasurik egiten» azpimarratu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo