GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Lau eta Erdiko Txapelketa

Erronka berria Pablorentzat

Ametsetako uda egin ondoren, txapelketa ofizialetan ere zer esanik baduela erakutsi nahi du Berrizkoak.

p039_f03.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Bikoteka sekulako uda egin, eta Donostia nahiz Gasteizko torneoetan finalera iritsi ondoren, Pablito Berasaluzek erronka berri bati ekingo dio gaur arratsaldean, Zornotzako Amorebieta IV.a pilotalekuan (18.15, Telecinco). Berrizko aurrelariak Iñaki Larralderen aurka neurtuko ditu indarrak Lau eta Erdiko Txapelketaren final-hamaseirenetan, eta txapelketa ofizialetan ere zer esanik baduen pilotaria dela erakutsi beharko du. Irabazleak Kokaren aurka jokatuko du.

Izan ere, arazo pertsonalak medio, bada denbora puska bat aurrelari bizkaitarrak txapelketa ofizialetan lan aipagarririk egiten ez duela. Kaiola barruan, 2005ean azaldu zen azkenekoz eta lehen kanporaketan joan zen kalera Gonzalezen aurka galdu ostean. Hala ere, aurrekariren bat aztertzekotan, hobe litzateke Titinen aurka Adarragan orain dela hilabete jokatutako partida gogoratzea. Orduan, adibidez, egungo txapelduna mendean hartuta eduki zuen minutu asko eta askotan, nahiz eta amaieran errioxarra 22 eta 17 gailendu zen.

Iñaki Larraldek, bestalde, gaur egingo du bere debuta lehen mailako txapelketa batean. Lesakako aurrelariak iaz lortu zuen profesional mailan bere emaitzarik onena, bigarren mailako Buruz Buruko Txapelketan finalera helduta. Kasualitatea edo ez, finala Zornotzan bertan galdu zuen Julen Retegiren kontra. Lau eta Erdikoan ez zuen horrenbeste zorterik izan eta final-laurdenetan kanporatu zuen Mikel Olaetxeak. Aukera polita, beraz, nafarrarentzat ere.

Jaialdia 17.15ean hasiko da eta binakako partida interesgarri batek emango dio hasiera: Koka-Mendizabal II.a, eta Olaizola I.a-Peñagarikano bikoteak, nor baino nor, hiru pilotari gipuzkoar bilduko dituen neurketan.

Finala eta debutak, erremontean

Erremonteak ere hitzordu garrantzitsua du gaur arratsaldean. Izan ere, Zeberio II.a-Badiola eta Uterga-San Miguel bikoteek Muebles Polque Torneoaren finala jokatuko dute Iruñeko Labrit pilotalekuan (17.00, ETB-1). Lehiaketa berezia izan da, frontoi motzean jokatu delako eta hamabi herri ezberdinetan jokatu direlako partidak.

Galarretan, bestalde, Eñaut Oiartzabal «Matxin IV.a» eta Joseba Etxeberria «Etxabe II.a» aurrelari gazteek debuta egingo dute gaur maila profesionalean. Eñaut, lau aldiz Buruz Buruko txapeldun izan zen Matxin II.aren iloba eta Matxin III.aren anaia da. Jaialdia 16.00etan hasiko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo