Faxistak omentzen eta haien biktimen oroitzapena ezabatzen duen «justizia»
Auzitegi Nazional espainoleko epaile Baltasar Garzonek, herenegun bertan frankismoaren krimenak ikertzeko eskuduntzen jabe dela aldarrikatu zuen berberak, Joxi Zabalaren eta Joxean Lasaren desagerpenaren 25. urteurrena dela-eta deitutako manifestazioa debekatu zuen atzo, Dignidad y Justicia elkartearen eskaera onartuta eta Polizia espainolaren, Guardia Zibilaren eta Ertzaintzaren informazioa jaso ondoren.
Atzo esan genuen bezala, Garzonen herenegungo autoak frankismoa jo mugan jarrita duela ematen badu ere, diktadura haren herentzia ez du zalantzan jarri ere egiten. Izan ere, frankismoaren oinordekoek zigorgabe segitzen dute, eta GALen ekintzen erantzule zuzenak bezala antolatzaileak ere aske eta inolako erantzukizuni aurre egin behar izan gabe lasai asko bizitzea horren erakusgarririk nabarmen eta onartezinena da. Oso zalantzazkoa da, beraz, Garzonen herenegungo erabakiak justizia duena helburu, areago haren nortasun egozentrikoaren eragina sumatuta. Eta gaurko deitutako manifestazioaren debekuak tarte txikia uzten du besterik pentsatzeko.
Frankismoa amaitu eta 30 urte geroago faxisten krimenak ikertu nahi dituenak oroimen historikoaren kontzeptu bitxia duela erakusten du, bere burua demokratikotzat jotzen duen estatu batek frankisten modu berberak erabilita hil dituenak oroitu beharrean, ahaztu egin behar direla iritzita. Erabakita. Estatuko instituzioek, Hego Euskal Herriko autonomikoek barne, aldiz, frankista nabarmenak eta haien ondorengoak «terrorismoaren biktima gisa» omendu izan dituzte. Jakina, ez Garzoni ez beste inongo epaileri ez zaio omenaldi horiek debekatzea bururatu. Estatu terrorismoak pentsaera faxista berberarekin hildakoek, ordea, ez dute inongo instituzioren omenaldirik merezi, antza. Inork ez du halakorik eskatu, baina herritar askok hildako horien oroitzapenari eutsi nahi dio, epaileari eta fiskalari, Gobernuari, hori ere debekatzeko moduko delitua iruditzen bazaie ere. Lasa eta Zabala herritarren gogotik legez ezabatu ahalko balituzte bezala.
Zer justizia, zer duintasun mota gorde lezake orain dela 25 urte estatu aparatuek bahitu, modu basatian torturatu eta hil zituzten bi gazteez oroitzea ere debekatzeko erabakiak? Duela hamahiru urte Tolosako hilerrian Ertzaintzari Lasa eta Zabalaren gorpuak bahitzeko eta omenaldian parte hartu zutenei oldartzeko agindu ziotenek erakutsi zituzten justizia eta duintasun berberak.
Beharbada epaile espainiar batek egunen batean GALen hilketak ikertu eta haien erantzule guztiak eta haien zigorgabetasuna nabarmen uzteko eskuduntza duela aldarrikatuko du... 70 urte barru, beharbada.