GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora

Gazteei heldu zaie beren maila erakusteko garaia

J.L. | DONOSTIA

Hirugarren Mailako Aizkolarien finala jokatuko da gaur arratsaldean, Altsasun, 18.00etatik aurrera. Bertan gehienak gazteak izango dira, eta heldu zaie beraiei ere noraino hel daitezkeen erakusteko parada.

Honako hauek izango dira gaur neurtuko diren aizkolariak: Erasun, Pellejero, Atutxa, Mugertza III.a, Castro eta Etxeberria. Patxi Mindegia ere aritzekoa zen, baina Zubietakoa arazo fisikoekin dabil, eta haren ordez arituko da Etxeberria.

Azken hori kenduta, denak 30 urtez azpikoak dira, eta hori berri ona da, azken batean, beheko mailetan adin horretakoak ibili beharko lukete goiko postuetan.

Hauetako hiru, gainera, 21 urtetik beherakoak dira. Adin hori du Atutxak; Mugertza III.ak, 19; eta 18, Erasunek. Asier Pellejerok eta Raul Castrok, berriz, 27na urte dituzte, eta Etxeberriak, 37. Beraz, gazteak nagusi izango dira gaurkoan.

Faboritoak aipatzean, bi izen agertzen dira besteen gainetik; Atutxa eta Erasun. Badirudi txapela bizkaitarraren edo nafarraren eskuetan egon daitekeela. Beren multzoan eurak izan ziren garaile, aurkariei aldea kenduta. Hirugarren multzoan Castro izan zen onena; beraz, kontuan hartzekoa izango da bera ere, beste hirurak bezalaxe.

Atutxarengan zaleek itxaropen handiak jarri dituzte. Bizkaiko maila nagusiko txapela ere lortu zuen iaz, eta Binakako Urrezko Aizkoran ere finalean izan zen. Orain maila honetako txapela behar du dena baieztatzeko. Erasunengan ere zaleek itxaropen handiak dituzte, baina berak 18 urte besterik ez ditu oraindik. Edonola ere, aizkolari ederra da ikusteko, teknikoki oso ona, eta gaurkoan ere goian ibili beharko luke.

Faborito izateak ez du, berez, txapelik ekartzen, eta beste laurak ere saiatuko dira lehenengo bi postuetan sartu eta Bigarren Mailara igotzen, bigarrenak ere saria izango baitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo