European Challenge
Bi aurpegi erakutsi arren, puntuak Baionara etorri dira
Avironek lehen zati kaskarra egin zuen, baina bigarrengoan gauzak goitik behera aldatu ziren, eta euskaldunek erabat menderatu zuten Stade.
Jon LEUNDA | BAIONA
Oraingoan ez du hutsik egin Aviron Baionakoak, eta European Challengeko lehen lau puntuak batu zituen atzo Mont de Marsanen jokatu zuen norgehiagokan. Honek lasaituko du giroa, izan ere, pasa den ostiralean Viadanarekin galdu ostean, nahiko nahasia izan da astea Lapurdiko hiriburuan, zuzendaritza haserre agertu baitzen jokalari batzuekin.
Atzoko hamabostekoan jokalaririk gehienak ohikoak ziren, eta hasieran aritu ez zirenak ere, bigarrenean zelairatu ziren. Lehen 40 minutuak kaskarrak izan ziren bi aldeetatik. Horrelakoetan ostikoen bidez ikusi behar izaten dira puntuak, eta horrelaxe izan zen. Etxekoek zigor bat gauzatu zuten, eta euskaldunek bi. Hortaz, Aviron 3-6 aurretik joan zen atseden hartzera.
Bigarren zatian, Avironek Lafitte eta Maillard zelairatu zituen, eta neurketa dena aldatu zen. Zuri-urdinak jaun eta jabe izan ziren. Ikusgarrizko neurketa ez zuten egin, baina Stade astindu egin zuten. Transformatutako bi entsegu, eta beste bi zigor-kolpe lortu ostean, 3-26koa jarri zuten markagailuan.
Bazirudien partida horrela amaituko zela, baina etxekoek azkeneko jokaldian entsegua lortu zuten, eta markagailua apur bat txukundu ahal izan zuten, ez baitzegoen gehiagorako tarterik. Azkenean puntuak Baionara etorri ziren, baina zuri-urdinek ez dute erraza izango lehen fasea gainditzea.
Lehen jardunaldian ohikoak ez ziren jokalariak izan ziren hamabostekoa osatu zuten gehienak, baina atzo betikoak izan ziren ia denak. Hasieratik aritu ez zirenak ere bigarren zatian zelairatu ziren.
Atzokoan Avironek irabazi egin zuen arren, oso zaila izango du lehen fasea gainditzea. Lehen postua lortzea zaila da, eta lehen partida galdu ostean bigarren postuak ere ez dio txartela segurtatuko.