Heineken Kopa
Biarritzek Calvisanoren ahuleziaz baliatu behar du puntu guztiak batu ahal izateko
J.L. | BAIONA
Biarritzek jokoan dauden puntu guztiak beretzat behar ditu gaur arratsaldean Calvisanoren aurka jokatuko duen partidan. Pasa den astean galdu ostean, lapurtarrek puntuak batzen hasi behar dute, eta amaieran sailkapeneko lehen postu horretan egon nahi badute, bosnaka gehitzen hasi behar dute.
Gaurkoan irabaztea derrigorrezkoa da zuri-gorrientzat, baina erasoan puntu gehigarria lortzea ere ezinbestekoa da. Italiarrak dira multzoko talderik ahulenak, eta hori argi ikusi zen pasa den asteburuan, Cardiffen aurka. Horretaz baliatu behar dute lapurtarrek.
Azken orduko aldaketarik ez baldin bada, honako hau izango da Biarritzen hamabostekoa: Coetzee, August, Moala, Thion, Carizza, Lund, Vahafolau, Cronje, Cibray, Peyrelongue, Bidabe, Traille, Cabanne, Thiery eta Ngwenya. Aulkian, Bourrust, Barcella, Roidot, Som, Trainer, Masi eta Gobelet geratuko dira.
Ohorezko Maila edo Superliga berriro asteburu honetan itzuliko da. Getxok eta Bera Berak soilik jokatuko dute, Ordiziak bere partida aurreratu baitzuen, eta 21-26 galdu zuen El Salvadorren aurka. Bihar, 12.00etatik aurrera, Getxo Arteak Les Abelles taldea hartuko du, eta oren erdi bat geroago, Bera Berak Santboianan jokatuko du.